Oronoz-Mugairiko larrialdietarako kontsulta ixteko asmoa du Osasunbideak

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Hala balitz, baztandar guztiek Elizondora joan beharko lukete larrialdi kasuetan

Nafarroan dagoen medikuen eskasiaren arazoaz jabetu garenean, bertze arazo bat dakarkigute orain Osasunbideko nagusiek. Baztanen, arratsaldez eta gauez, larrialdietarako bi zentro ditugu: Elizondon eta Oronozen. Baina baliteke berri hau irakurtzerakoan bakarra izatea. Baztan Nafarroako udalerririk haundiena da: 377 km2tan 8.000 biztanle inguru ditu, 15 herri, sakabanaturik dauden baserri aunitz. Bada, orain larrialdietarako Oronozko kontsultegia desagerrarazteko arriskua dago. Hala, Baztan osorako puntu bakarra geldituko litzateke, Elizondokoa, alegia. Erabaki horrek ondorio larriak ekarriko lituzke. Nafarroako Gobernuan egiten ari diren zerbitzu murrizketak, dagoeneko nabariak dira gure eguneroko bizitzan, hezkuntzan, euskaran, osasunean,... Bi larrialdietarako zerbitzuren bat desagertatzekotan, herritarrak arretarik gabe geldituko ziratekeen Oronozen. Azken finean, mediku bat eta erizain bat bi lekutan ezin direlakoz egon. Kasu horretan, nori eskatu beharko genioke ardura? Mediku eta erizainari? Ez, euren eskuetan dagoen guztia egiten ari baitira. Beraz, Osasunbideari? Herritarrok aski da! erran beharko genuke, kexak eta kezkak ozenki adieraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun