Bi baten kontra. Horrela egin zuten urriaren 18an Migel Angel Aleman eta Eduardo Danboriena gartzaindarrek Felipe Sarratea Xegone zigarraren aurkako apustua. Jendearen erantzuna ere ona izan eta ikusmin haundia sortu zuen apustuak. Parte-hartzaileek Urballo mendira igo behar izan zuten lehenbizi, 17,2 kilometro eginez, eta gero aizkoran aritu ziren. Mendira bidean, Xegonek 40 kiloko zakua eraman zuen bizkarrean, eta Aleman eta Daborienak 20 kilokoa bakoitzak. Hiruetan azkarrena Danboriena izan zen, 2 ordu eta 5 minutuko denbora eginez; bigarrena Aleman izan zen, 2 ordu eta 25 minutuz egin zuen mendiko buelta. Xegonek, berriz, 2 ordu eta 42 minutu behar izan zituen. Hiru kanaerdiko ebaki behar izan zituzten gero. Bikote gartzaindarrak 2 ordu eta 40 minutuz akitu zituen lanak; eta Xegonek 2 ordu eta 57 minutuz. Txapelak soinean, bikotea gustura gelditu zen egindako lanarekin. Xegonek, berriz, zakuan 20 kiloko aldea izatea haundiegia zela zioen, eta enbor gehiago izatera irabaziko zuela. Edonola ere, saio polita eskaini zuten eta kontent gelditu ziren guztiak.