1,1 milioi euro kostako dira Arizkungo zeharbidea berritzeko lanak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 27a

Gainera, Erratzura eta Arizkunera joateko dagoen bidegurutzean biribilgunea eraikiko da

Arizkungo zeharbidean eginen diren konponketa lanak egitea 1.132.717,95 euro kostako da. Kopuru horrekin, Arizkungo herrigunean barna pasatzen den errepidearen 550 metroak moldatuko dira eta Erratzutik Izpegira doan NA-2600 eta Arizkungo NA-2001 errepideen bidegurutzean biribilgunea eginen da bidearen segurtasuna hobetzeko. Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak diruz lagunduko ditu obra hauek, eta horretarako 362.474,92 euroko laguntza onartu du 2009ko aurrekontuetan. Dirulaguntza hori Herri Lan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak eta Udalak sinatu duten elkarlan hitzarmenaren barne dago.

Urteetan egin diren lanen poderioz, Arizkungo etxe aunitzen sarrera baino altuagoa da kaltzada. Zeharbide berriarekin arazo hori moldatuko da eta Arizkungo sareak berritzeko aprobetxatuko da. Zeharbideak bortz metroko zabalera izanen du gehienez, eta posible denean, metro banako espaloiak eginen dira bi aldeetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun