Giltxaurdi futbol-zelaiko obrak martxa onean doaz, eta badirudi azaro erdialderako edo akaberarako erabiltzeko moduan izanen dela. Udalak Ecay Eraikuntza enpresari agindu zion obrak egiteko ardura, bi hilabeteko epea emanez eta 1.113.822 euroko aurrekontuarekin. 40. hamarkadan eraikia izan zen futbol-zelaia, eta geroztik belardi naturalarekin egon da, baina horrek zail egiten zuen hor jokatzea. Hortaz, Lesakako Beti Gazteren Mastegi futbol-zelaian jokatzen dituzte etxeko partidak Baztango futbolariek. Hemendik aitzinera, ordea, soropil artifiziala izanen du 100x60 metroko dimentsioak dituen Giltxaurdi zelaiak. Horrekin batera, aldagelak ere berritu dira, eta jokalarientzako aulkiak ere eraiki dira.