Ortziralean, urriaren 24an, Elizondon udazkeneko feria ospatuko da. Normalki, urriko azken ostiraleko hitzordu garrantzitsua izaten da, baina beti ez da hala gertatzen, aurtengo moduan. Erreferentziatzat San Lucas eguna hartzen da, eta modu honetan, egun hau ospatu eta ondoko ostirala izaten da feria eguna. Ferianteek beraien gauzak ortzirala eta larunbatean jarriko dituzte, hala, erraten ahal da eskualdeko feriarik luzeena dela, bi egun irauten baitu. Asteazken eta ortzegunean Elizondoko alkatea den Rafa Olaizolak eta bere kargodunek lehen lanak egin behar izaten dituzte, hauek hagitz garrantzitsuak suertatuz.
18 euroan metroa
Bi egun hauetan Elizondoko karrikak markatzen dituzte, feriak irauten duen bi egunetan postuak jarri ahal izateko. Feria egunean postuak sakabanatuak egoten dira, baina bi erreferente hartzen dira kontuan. Batetik ganadua jartzen den Merkatu Plaza eta aldameneko frontoi luzea nekazal tresneriarentzako eta bestetik, Jaime Urrutia, Pedro Axular, Giltxaurdi eta Foruen enparantza kaleek osatzen duten zirkuitua. Aurten metro lineala 18 euroan saldu du Elizondoko herriak, iaz bezala, eta honela, jarriko diren 200 postu ingururekin, gutxi gora behera 19.000 euro lortu ahal izanen dira. Postu gehienak kanpotik etorritako merkatariek jarriko dituzte, baina badira eskualdeko zenbait ikus ahal izanen ditugunak. Feriante edo merkatari hauek Andaluzia, Santander, Asturias, Galizia edota Gaztelatik etorritakoak izanen dira. Urrundik hurbiltzen dira feriara, baina egia errateko, ikusmin handia pizten du eta postu gehiago salgai jarriko balira, ziur denak hartuko liratekeela. Kontua da orain arteko karrika horiek nolabaiteko zirkuitu bat osatzen dutela eta hauetatik kanpo postuak jarriko balira, agian jendea ez litzateke bertaratuko eta ziur feriante horiek ez luketela berriz itzuli nahi. Hori da beninipein Elizondoko Herriko Etxeak uste duena eta hortaz, kopuru hori saltzen jarraitzen du. Urriaren 13 arte aurreko urteko merkatariek lekua mantentzeko aukera dute bankuz egiten duten ordainketaren bidez. Hortik aitzinera deitzen duten ordenaren arabera errespetatuko da lekua eta azken hauen artean zozketa bat eginen da postua eman ahal izateko. Dena dela, merkatari gehienek banku bidez egiten dute ordainketa eta honela, Herriko Etxearentzat aunitzez ere garbiagoa izaten da. Soilik nekazal tresneria jartzen dutenek ez dute postua ordaindu behar izaten, hala ezarria baitu Herriko Etxeak.
Pilota partidarik ez
Aurten bada berrikuntza garrantzitsu bat, ez baita pilota partidarik jokatuko. Azken urteetan nabaria izan da ikusleen kopuruaren jaitsiera eta beste aldetik Aspe edo Asegarce bezalako enpresa handiek diru kopuru handi bat eskatzen dute halako jaialdi bat Elizondora ekartzeko. Hau ikusirik, ez antolatzea erabaki dute. Ikusi behar herritarrek nola hartzen duten erabaki hau. Ortziral goizerako postu guztiak jarri egiten dituzte eta horregatik ferianteek asteazken eta ortzegunerako herria hartzen dute. Goizeko 9ak aldera dena prest izaten da eta gauean ez dute inolako presarik izaten, feri eguna, lagunekin topo egiteko eguna izaten baita eta aunitzek afaritxoak ere egiten dituzte.
Larunbatean Atsoferie
Biharamuna, hau da, larunbata, Atso Ferie eguna izendatua dago. Garai batean gizonak ostiralean hurbiltzen ziren aziendak ikusi eta bidenabar erostera. Hala, emakumeek bere eguna larunbata izaten zuten. Gaur egun ez da halakorik gertatzen, eta nahiz eta izena mantendu, emakume nahiz gizonak ikusten dira bai ostiral, zein larunbatean. Ferianteek diote larunbata izaten dela genero gehien saltzen den eguna eta hau dela eta, goizean goiz dena prest izaten dute. Ilunabarra izaten da dena bildu orduko eta gaueko 20-21ak aldera erretiratzen dira. Mingain urdina gaitza dela eta, ez da behi aziendarik izanen Elizondon, eta urteroko leloa errepikatuko dugu, geroz eta azienda gutxiago dela erraterakoan. Soilik zaldiko batzuk eramanen dituzte eta hauek eskualdekoak izanen dira. Eguraldiak aunitz baldintza ditzake gure eskualdeko lehen feriak eta espero dezagun euri erauntsiek atsedenalditxo bat hartzea heldu den aste arte, ostirala eta larunbatean feriak bai dira Elizondon, baina Beran ere Lurraren Eguna ospatuko baita asteburuan.