Ikasturte berriarekin ekitaldiak antolatzen hasi da Lekarozko Institutuko Guraso Elkartea

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 22a

Azaroaren 4ean sentsibilizazio hitzaldia eginen da

Lekaroz institutuan mutil edo neskaren bat matrikulatzen den heinean, automatikoki familia Elkarteko kide bihurtzen da. Famili bakoitzak 15 euroko kuota ordaintzen du, Institutuan ikasten dauden seme-alaben kopuruak kontuan hartu gabe.

Joan den ikasturteko proiektuak

2007-2008 ikasturtean honako hauek izan ziren Guraso Elkarteak lagunduriko proiketuak:
- Ikasle bakoitzari 5 euroko dirulaguntza ematen zaio urteko txango edo ikasgai bakoitzaren jardueraren diru zati bat kitatzeko.
- Musika emanaldiek 1.000 euroko laguntza jasotzen dute. Iaz DBHko lehenengo mailako ikasleek Donibane Garazira joateko 500 euro jaso zituzten.
- Gizarte Zientziak eta Fisika-Kimika departamentuei Valentziara joateko, 1.800 euro.
- Lekarozko Unitate Espezifikoari 560 euro eman zitzaizkion, Mundakan hiru eguneko irteera egiteko.
- Frantseseko departamentuari Donibane Garazira joateko 140 euro.
- Askagintzako hitzaldiak eta lan proiektuak egin ahal izateko, 2.497,16 euro.
- Bestelako hitzaldien antolakuntzarako, 1.605 euro.
- Hizkuntza eskolako matrikulak kudeatzen dituzte.
- Eskolarteko kirola antolatzen dute, hala nola, eskubaloia edota saskibaloia.
- Nafarroako Guraso Elkarteen Federazioari urtero zerga ordaintzen diote, horrela, egungo legedi eta epeetaz jakitun egiten dituzte, lan batzarrak ere antolatzen dira…
- Garraio subentziorik ez duten Elizondoko Eskolako Ziklo eta Batxilergo ikasleen garraio agirien dirua biltzeaz arduratzen dira.

Sentsibilizazio solasaldia azaroaren 4ean

Eta hala, ikasturte berriarekin batera, hasi dira lehen ekintzak antolatzen. Azaroaren 4an, asteartean arratsaldeko 16etan sentsibilizazio hitzaldi bat izanen da ikasleen gurasoei zuzendua. Askagintza erakundeko kideek emanen dute hitzaldia eta talde honek zehazki helburu hauek ezarri ditu: Droga eta droga menpekotasun fenomenoaren inguruan informazioa eskaintzea alde batetik eta Gurasoen kezka, zalantza…jaso eta erantzuten saiatu, bertzetik. Lan hauek Tutoritzako orduan jasotzen dituzte ikasleek, joan den urtean hasitako programari jarraipena emanez. Delako programa hau hiru ikasturteetan beteko dute, DBHko bigarren eta laugarren mailako ikasleekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun