Arizkungo zeharbidea moldatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta Balleko Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 21a

Sareak berritu eta errotonda ere eginen da

Nafarroako Gobernuko Herrilan Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak eta Baztan Balleko Udalak elkarlan hitzarmena sinatu dute Arizkungo zeharbidean moldaketa lanak egiteko. Lan hauek Arizkungo sareen berritze eta zolaberritze proiektuaren barnean daude. Honela, Arizkungo herrigunean barna pasatzen den errepidearen 550 metroak moldatuko dira eta errotonda eginen da Erratzutik Izpegira doan NA-2600 eta Arizkungo NA-2001 errepideen bidegurutzean, bidearen segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

Kaltzada etxe aunitzen sarrera baino altuagoa dago

Lanen aurrekontua 1.132.717,95 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak 362.474,92 euro jarriko ditu 2009ko aurrekontuetan. Urteetan egin diren lanen poderioz, Arizkungo etxe aunitzen sarrera baino altuagoa da kaltzada. Zeharbide berriarekin arazo hori moldatuko da eta Arizkungo sareak berritzeko aprobetxatuko da. Zeharbideak 5 metroko zabalera izanen du gehienez, eta posible denean, metro banako espaloiak eginen dira bi aldeetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun