Kirola praktikatzea hagitz osasuntsua da eta adin guztietan gomendagarria. Futbola, pilota, eskubaloia, saskibaloia…aunitz dira aukerak. Zenbait kirol praktikatzeko ez da inolako trabarik izaten, alderantziz, laguntzak badira eta baita instalazioak entrenatu eta jokatzeko. Baina ez da gauza bera gertatzen herri kirolean. Zorionez, bada lagun talde bat herri kirola maitatu eta bidea ematen duena jendea hasi eta beharrezkoa laguntza emateko. Orain kluba sortu dute Oronoz-Mugairin, Patxi eta Donato Larretxea anaien ekimenez.
Kluba sortzeko beharra
Patxi Larretxeak aipatu digunez, “behartuak bezala ikusten ginen kluba sortzera, Oronoz-Mugairin dugun egoitza honi izen bat ematera. Jende saila hasia gara hemen elkartzen eta honi izen bat eman behar genion”. Aitzinera begira, izen horrekin ezagutzera eman eta nahi duenak etortzeko zabalik daudela aipatu digu Larretxeak. Gure Kirolen Klubaren helburuei dagokienez, “herri kirolen baten aritzeko asmoz etortzen den jende gazteari erakustea” dela aipatu digu Donato Larretxeak. “Gu adinean goiti goaz, baina nahi duenari erakusteko prest gaude. Gazteei bide bat erakutsi nahizik gabiltza”. Nolabait herri kirol eskola dela erraten ahal da eta bertan aritzeko adinik ez dagoela aiaptu digute Larretxeatarrek: “Oraingoz haurrik ez dago, baina gazteenak 16-17 urte ditu eta zaharrenak 71 urte”. Aiako Joxe Leon Iruntxeberritaz ari dira, noski. Lasterka eta aizkoran famatu egin zen bere denboran eta hainbat aizkolariren erakusle izana da eta da. Bere jakinduria gazteei erakusteko gogoz dago hau ere.
Herri Kirol Federazioari konpetentziarik ez
Nafarroako Herri Kirol Federazioak, ttikienak kirol hauetan hasteko Herri Kirol Jolasak antolatzen ditu. Nolabaiteko konpetentzia izaten ahal diren galdetuta, ezezkoa erantzun digu Donato Larretxeak: “Ez du deus ikustekorik. Federazioak bere gauzak antolatzen ditu, bere txapelketak… hau aparteko zerbait da: nahi duenak hemen badu leku bat ikasteko, entrenatzeko… arituz errezagoa delako gazte batentzat aurrera ateratzea”.
Kirol garestiak
Harrijasotzen, aizkoran, aizkora altueran, arpanan bakarka nahiz binaka, txinga eramaten… hainbertze kiroletan aritzeko aukera ematen du Gure Kirolen Klubak Oronoz-Mugairiko bere nabean. Materiala lortzeko, finatziaziorako edo laguntzak lortzeko bide bat izaten ahal da elkarte bezala izen ematea. Donato Larretxearen erranetan, “orain arte ez dute deus eman, baina orain ikusiko dugu enpresak mugitzen diren, gastuak estaltzeko haina bederen”. Izan ere, aizkoran eta arpanan aritzeko elkartearen egoitzan biltzen direnak kontuan hartuz, urtean 30.000 euro inguru joaten direla aipatu digu Patxi Larretxeak. Horretaz aparte herramientak daude, arpanak hagitz garestiak dira, 1.200 eta 1.400 euro artean eta Zelanda Berritik ekarritako aizkora bakoitzak 350 euro balio ditu.
Kirolariak lanean
Bertzeak bertze, Unai Bertiz sunbildarra eta Xabier Ariztegi etxalartarra aritzen dira harri jasotzen; Ariztegi bera eta Asier Bertiz sunbildarra, Larretxeatar sendi osoarekin aizkoran; Lurdes Galarregi eta Izaskun Ariztegi etxalartarrak arpanan… Baina herri kirolean hasi, trebatu eta entrenatu nahi duen guziak badu lekua Oronoz-Mugairin, Gure Kirolen Klubean