Baserrian duten funtzioa aldarrikatu dute 120 emakumek Bertizen

TTIPI TTAPA 2008ko urr. 10a, 17:42

TTIPI TTAPA

Emakume Baserritarren estatu mailako topaketa egin dute irailaren 27an eta 28an

Nekazal Sindikalismoa eta Emakumeak: Aukera bat. Lelo horrekin emakumeak betidanik baserrian izan duen eta duen paper garrantzitsua aldarrikatu zuten irailaren 27an eta 28an Bertizko Natur Parkean egindako Emakume Baserritarren Topaketan. Nafarroako EHNE sindikatuak eta COAG erakundeak antolatutako ekimenaren XVII. edizioa izan zen, eta estatu mailako topaketa izaki, espainiar estatuko hainbat txokotatik etorritako emakume baserritarrak hurbildu ziren; guztira 120 inguru.

“Beti erran izan da gizonezkoa gehiago aritu dela baserriko lanetan. Baina emakumea bizitza guztian aritu da, bai baserrian eta bai etxean ere. Kontua da hori ez dela baloratua izan”. Halaxe azaldu digu Maider Azkarate Anizko Jauregia gasnategikoak. Oieregin egindako topaketan parte hartu zuen berak ere. Gero eta gehiago ezagutarazten ari dira emakumeak, baina halere, oraindik aitzinetik bide luzea dagoela nabarmendu zuten Bertizen. COAG erakundeko Belen Verdugok, erraterako, oraindik emakumearen papera “guttiegi” baloratzen dela adierazi zuen, “bai baserri munduan, eta bai gizartean ere”. Horrez gain, multinazionalen “gehiegikeriak” salatu zituen, eta “gehiegizko espekulazioa” egiten dituztela: “elikagaiak dirua eta dirua irabazteko merkatzia bezala baino ez dituzte ikusten”, aipatu zuen Verdugok.

Emakumezko eta gizonezkoen berdintasuna aldarrikatzearen batera zera gogoratu zuten: “nekazaritzan lan egiten duten pertsonen %50a emakumeak dira baina ez gaude nekazaritzako erakunde, elkarte eta kooperatibetako karguetan eta potentzial galtzea oraindik nozitzen dugu”.

Topaketa estatal honen aitzineko edizioa Madrilen izan zen eta aurtengoa egiteko Erronkari eta Bidasoaldea ziren bi hautagaiak. Azkenean eskualdean egitea erabaki zen, Azkarateren hitzetan, “hemen ere emakume baserritar dezente dagoelako”.

Bi egunetako topaketa ekitaldiz beterikoa izan zen eta denetarik egiteko aukera izan zuten bildutako emakumezko baserritarrek. Hitzaldietan ere aukera zabala eduki zuten: Carmen Freire Galiziako Sindicato Labrego Galegoko idazkari nagusiarena; Alicia Stürtze soziologo eta idazle gipuzkoarrarena; Isabel Lisa Aragoiko UAGA sindikatuko kidearena… Horiez gain, eztabaidak, tailerrak, otorduak elkarrekin, antzerkiak eta Baztan eta Ultzamako bi ustiagietara bisitak egin zituzten. Horrelako topaketak egitea ongi ikusten du Anizkoak, “kanpoko esperientziak adituz beti ikasten delako zerbait eta biharko egunean bertzeak errandakoa baliagarria izan daitekeelako guretzat”. Aldarrikapena, beraz, argia: “baserritarren sektore honetan emakumearen parte-hartzea ezagutzera eman eta baloratua izatea”, dio Jauregia gasnategikoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun