Arraiozen merkataritza gune bat? Ez, eskerrik asko.

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

TTIPI TTAPA

Arraiozen egitekoa den merkataritza gunea. Horixe da Bertan merkatari eta zerbitzuen elkartean orain duten kezka iturri nagusia. “Egin eginen da, sarbidea egina baitago, baina nola geldituko da? Zer gertatuko da?”. Zalantza da nagusi. Kontua da etorkizuneko merkataritza gunera sartzeko biribilgunea eraiki dutela. Jakina da merkataritza gune haundiek ez dietela mesederik egiten herriko saltoki ttikiei. Isabelen hitzetan, “mehatxua da azken batean”.

Konpetentzia non paratzen den, horrek ere eragina du merkatari eta zerbitzuen egunerokoan. Nafarroako Komertzioen Federazioak bere garaian erran zuen, “merkataritza gunea Elizondotik kanpo egitea hanka-sartzea litzateke, komertzioaren deslokalizazioa eraginen bailuke. Elizondon egokiagoa litzateke, tokiko komertzioak bultzatzeko”. Iritzi berekoak dira Bertan elkartean ere. “Elizondon paratzeak konpetentzia eginen luke, baina agian indarberritzen lagunduko luke. Arraiozen egitea, ordea, Elizondo bezalako merkataritza gune batetik bortz kilometrora, ez da mesedegarria.

Komertzioak Elizondon biltzen dira”. Beldur horren aitzinean, badute itxaropen apurrik ere. N-121A errepideko obrak egindakoan jende gehiago hurbil daitekeela pentsatzen baitute. “Belaten obrak egin zirenez geroztik, aunitzez ere jende gehiago etortzen da Iruñea aldetik”, dio Gonzalezek. Dena den, argi dute hori euren esku dagoela: “guk erakarri behar dugu jendea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun