Ilusioa eta denbora. Horietxek gakoak. Azken finean, Zuzendaritza Batzordean egoteak norbere negozioari denbora kendu egiten dio, baina “denbora atera behar da, eta ilusioa edukitzea garrantzitsua da”, adierazi digu Isabelek. Zuzendaritza Batzordea zazpi kidek osatzen dute: Unai Arriaga lehendakariak, Marisa Tena lehendakariordeak, Isabel Gonzalez idazkariak, Angel Arraztoa diruzainak eta Javier Pina, Asun Irigoien eta Neli Yanci batzordekideek. Hilean lau bat bilkura egiten dituzte, “batzuetan zazpi ere bai, egiteko dagoenaren arabera”, gaineratu du idazkariak.
Zuzendaritza Batzordea bi urterako osatu zuten eta beraz, heldu den azaroan berritu egin beharko dute. Hala, kide berriak sartuko dira Batzordean baina oraindik ez dute erabaki nola eginen duten: “agian, kide guztiak berriak sartu beharrean eta bat-batean hutsetik hasi beharrean, orain arteko batzuk segitu eginen dute”. Hori hausnartzen ari dira.