Laster bi urte beteko dira Bertan Baztango merkatari eta zerbitzuen elkartea sortu zenetik. 2006ko azaroan izan zen. Geroztik hainbat eta hainbat ekimen atera dituzte aitzinera: fideltasun txartelaren kanpaina, egutegiak, prestakuntza ikastaroak, zozketak, stock edo salgai-hondarren feriak, Kataluniara bisita hango esperientziak ezagutzeko, merkatu ttikia udan… Bi urte mugitu eta emankorrak izan dira, eta horrek, fruituak eman ditu.
“Elkartea sortzea bera hagitz garrantzitsua izan da. Zonaldeko merkatari eta zerbitzuen arteko harremana aberastu egin da eta elkarrekin lan egitea aberasgarria da. Batek haragia, bertzeak zapatak eta bertzeak betaurrekoak salduko ditu, baina oinarrian nolabaiteko batasun bat dago eta zonaldeko beharrak orokorrak dira”. Balorazioa, beraz, positiboa. Hitz horiek erabili ditu Isabel Gonzalez elkarteko idazkariak bi urte hauen balantze bat egiteko eskatuta. Hasiera batean, gutti batzuen ideia zena indartzen joan da eta gaur egun 75 bazkide izatera iritsi da Bertan. Denen gustua egitea, ordea, ezinezkoa da. Eta hori da idazkariak elkarlanean aritzeari topatu dion alde negatibo bakarra: “gauzak pertsonalizatu egiten dira batzuetan. Zuzendaritza elkarteko gehiengoarengana ailegatzen saiatzen da, baina zaila da”.
Denetariko ekimenak
Elkartea sortu eta berehala Eguberrietako kanpaina abiatu zuen Bertan elkarteak, bezeroen fideltasuna saritzeko. Jende andanak parte hartu zuen eta gustura gelditu ziren elkartekideak. Sei hilabete baino ez ziren pasatu stock edo salgai-hondarren lehendabiziko feria antolatu zuten arte. Orduan ere jendearen erantzuna erabatekoa izan zen. Geroztik bigarren edizio bat ere egin da, eta honetan ere lagun aunitz erakarri zituen azokak.
Urteen joanean dena aldatzen da, bezeroarekiko tratua, erosteko zein saltzeko modua, negozioa antolatzeko era… Horren harira, prestakuntza ikastaroak ere egin izan dituzte Bertanekoek. “Negozioan lanean urte aunitz eramanagatik beti ikasten da zerbait, birziklatu egin behar da eta ikastaroak ongi etortzen dira”, dio Isabelek. Bartzelonan ere ibili ziren Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide, Bartzelona, Terrassa eta Granollers hirietako merkatari elkarteen esperientziak gertutik ikusten. Bakoitzaren egoera eta errealitatea desberdina izanen da, baina ezbairik gabe, eredugarriak izan daitezke.
Eta Bertanen kasuan halaxe izan zen: “bertzelako hiriak dira, industrialde aunitz dituztenak, baina bidaia hartatik gauza interesgarri aunitz ekarri ziren”, dio Bertaneko idazkariak.
Aipatzeko bertze egitasmoen artean daude egutegia eta udan egin zuten merkatu ttikia. Joan den urtean, 2008ko egutegia Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko etxeetan dohainik banatu zuten. Aurten ere, abian dute egutegiaren ekimena. Merkatu ttikia, berriz, aurtengo udan egin zuten estreinakoz. Turismoari begira zabaldutako zerbait izan zen, eta merkatari eta zerbitzu “gutti animatu arren, esperientzia positiboa” izan zela iritzi dio Isabelek.