Hiru urte igaro dira Aranzadi Zientzia Elkartea Amaiurko monumentuan indusketa lanetan hasi zenetik. Jakinen duzuenez, Nafarroako Erresuma Gaztelaren aurka defenditu zuen azken bastioia izan zen Amaiurko Gaztelua. Horren harira, gazteluaren arrastoak kanporatu edo aireratzeko asmoz ekin zioten lanei. Proiektu honetan Baztango Udalak, Udalbidek eta Amaiurko herriak parte hartzen dute. Lanak uda sasoian egin ohi badituzte ere, aurtengo urrian bi asteburuz Aranzadi Elkartekoen eta amaiurtarren artean auzolanean ari dira. Aipatu, gisa berean, Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, uda honetan ikastaroak eskaini direla gazteluan.
Dagoeneko garbiketa haundia egin dute eta, bertzeak bertze, Pedro Mª Esarte historialari baztandarraren lanei esker, posiblea izan da bere garaian gaztelua nolakoa zen ideia bat egitea.
Monolitorat doan bidean agerian gelditu da gazteluko pareta haundi bat, eta kanpoko harresiaren arteko babes espazioa.
Izarrak ikustera
Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomoek Gorramedirat ateraldia antolatu zuten gauez izarrak ikusteko, eta azalpenez gain tresnak ere eskaini zituzten bildutakoei.