Ikasturtearekin batera, ustekabean obretan hasi dira Iruritako eskolan

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Sortzen diren zaraten ondorioz, zaila da klaseak ematea

Uda izaten da ikastxeetan obrak egiteko garai nagusia, eskolak hutsik daudelakoz. Uda honetan Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Oronoz eta Elizondoko San Francisco Javier eskoletan eta Baztan Ikastolan egitekoak ziren. Tarteka mantentze obren beharra izaten da, baina gehienetan, matrikulazioa haunditu delako espazio gehiagoren behar da. Obra gehienak bere tenorean egin dira. San Francisco Javier eta Oronozko eskolakoak, halere, abenduaren 31 arteko epea dute Nafarroako Gobernuko dirulaguntzak jasotzeko. Baina tartean, eskola arratsaldez hasten zen egunean, Iruritako eskolan teilatuan obretan hasi ziren. Ustekabeko afera izan da, eta eskolaren martxan ondorio larriak ekarri ditu. Ezinezkoa da dauden asotsekin klaseak ematea, eta hortaz, goitiko geletako haurrak lekutu behar dira. Gainera, eskolak espazio arazoak ditu. Kanpokoaldean, eskola inguruan alde bat itxia egon arren, bertze aldean errekreoak egiten dira. Herrian eskola berria egitekoa da 2010-2011 ikasturterako, obra honek kezka eta zalantzak sortu ditu gurasoen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun