Baztango Kirol Taldeak urriaren 3an, ortziral arratsean egin zuen denboraldi honetan kantxaratuko dituen zazpi eskubaloi taldeen aurkezpena Elizondoko udal kiroldegian. Guzira 105 eskubaloi jokalari ariko dira aurten Baztango Kirol Taldearen izenean.
Bi senior, bi kadete, bi infantil eta alebinetako taldeak
Horien artean, nagusia, Lehen Maila Nazionalean jokatuko duen Lindutx Baztango Kirol Taldea izanen da. Julian Baldanta izanen dute entrenatzaile berria eta larunbatean jokatu eta irabazi zuten denboraldiko lehen partida. Senior mailan bigarren taldea ere izanen du aurten Lindutx BKT taldeak, Nafarroako ligan ariko dena, Enrike Petrirena entrenatzailearen erranetan. Talde honetan jubenil mailako neska batzuk ere ariko dira eta adin horretako bertze lau neskak Doneztebeko Errekan jokatuko dute utzita. Kadetetan ere bi talde aterako dira. Bigarren urteko kadete mailako taldearen entrenatzaile Iñaki Uriarte izanen da eta lehen urtekoena Amalia Sanduta. Infantiletan ere gauza bera. Bi talde kantxaratuko ditu BKT. Bigarren urtekoen ardura Juanjo Ramos entrenatzaileak izanen du eta lehenbiziko urtekoena Ainara Unanuak eta Elisa Arretxeak. Alebin mailan, azkenik, Totu Iturzaeta izanen da entrenatzaile. Nafarroako Kirol Jolasen barreneko kategoria hau mixtoa da eta bertan daude talde osoko bi mutiko bakarrak.
Talde nagusiak garaipenarekin hasi du denboraldia
Ortziraleko aurkezpen ofizialaren ondotik, erran bezala, larunbat arratsaldean jokatu zuen Lehen Maila Nazionaleko taldeak denboraldiko lehen partida Elizondon. Molins de Rei taldea izan zuen aurkari eta partida borrokatu eta estuaren ondotik, baztandarrek 29 eta 27 irabaztea lortu zuten. Lindutx Baztan BKT taldean, Julian Baldantaren erranetara honako jokalari hauek aritu ziren: Itziar eta Talita atepean; Kristinak gol bat egin zuen, Iratik, Izaskunek eta Itsasok launa, Ildikok 12, Totuk 3 eta Elisak 1. Nerea, Noelia, Kinga, Ines eta marijose ere aritu ziren, baina golik sartu gabe.
Denboraldi hasierako urduritasunak
Denboraldiko lehen partida zela nabaritu zen eta urduri hasi ziren bi taldeak. Lehenbiziko ordu laurdenean berdintasun handia izan zen eta bina, seina eta zazpina berdinduak joan ziren. Lindutx BKT aitzinetik paratu zen markagailuan eta alde handiegirik gabe izan bazen ere, abantailari eutsi zion partida osoan: 10 eta 8 eta 12 eta 10 irabazten joan ondotik, atsedenaldira lehen zatiko abantailarik handienarekin ailegatu ziren, 14 eta 11. Bigarren zati hasieran estutu egin zuten Molinseko neskek eta gol batera hurbildu ziren, 16 eta 15. Baina ez zuten partida berdintzea lortu. 19-17 eta 22-20koaren ondotik, berriz ere gol bakarrera paratu ziren kataluniarrak, 24 eta 23. Hor ailegatu ziren baztandarren momenturik onenak eta 4-1eko partzialarekin, bortz minuturen faltan 28 eta 24 paratu ziren, partiduko alderik handienarekin. Molinsek estutu zuen, baina ez zuen berdintzeko aukerarik izan. Azkenean 29 eta 27ko emaitzarekin garaipena etxekoendako, zaila izanen den denboraldiari ongi ekiteko.