‘Bertzelako mundua posible da’ lelopean Bidelagun Jardunaldia eginen da ortziral honetan Elizondon

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 30a

Aurten inmigrazioa izanen da gai nagusia eta horren inguruan prestatu dute egitaraua

Bertzelako mundua posible da. Lelo hori aukeratu du Bidelagun Elkarteak ortziral honetan, urriak 3, Elizondon eginen den Bidelagun Jardunaldia egiteko. Gai nagusia inmigrazioa izanen da aurten eta horren harira, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Egitarau zabala

10:00etan aurkezpena eginen da.
10:30ean “Inmigrazioa: Europako errealitate berria” gaiari buruz ariko da Sos Arrazakeria taldeko Agustin Unzurrunzaga.
11:30etako atsedenaldiaren ondotik, inmigrazioa eta Gibraltarreko itsasarteaz ariko da
gaia hurbiletik ezagutzen duen Jose Villahoz, Kadizeko Andalucia Acoge elkarteko kidea. 13:00etan, etorkinendako espetxeak edo atzerritarrak sartzeko zentroak izanen ditu hizpide Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko Rafael Larak.
Santxotxenan bazkaldu ondotik, 16:30etik 17:30era Baztango Kulturarteko Gunea egitasmoaren aurkezpena eta mahai-ingurua eginen da, Mikel Gereka Bidelaguneko bolondresa, Basilio de los Santos, Galo Erazo, Ruth Ortez eta Raul Lopez Baztango euskara teknikariaren partehartzearekin.
17:30ean akautuko da jardunaldia.

Jardunaldi irekia

Jardunaldia herritar guztiei irekia egonen da eta Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eginen da. Parte hartzeko aitzinetik eman beharko da izena 948 581327ra deituz. Bazkaria, berriz, Santxotena jatetxean eginen da eta Bidelagun elkarteko bazkide ez direnek 12 euro ordaindu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun