Brasilgo atezain bat fitxatu eta Lindutx Baztanekin hitzarmena sinatu du BKTk

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

TTIPI TTAPA

BKT Baztango Kirol Taldeak babesle berria du denboraldi honetan. Irailaren 16an Elizondoko Errota elkartean Lindutx Baztan Eraikuntza enpresak eta BKTk hitzarmena sinatu zuten. Akordioaren arabera, 2008-2009 denboraldian Baztango Kirol Taldeak Lindutx Baztan BKT izena eramanen du. Lindutx Baztanen izenean Aitor Nuñez eta Iñaki Unanuak parte hartu zuten ekitaldian, Baztango Kirol Taldearen izenean, berriz, Belen Urrutia lehendakariak, Ines Izeta lehendakariordeak, Txus Sobrino idazkariak, Mari Jose Mortalena diruzainak eta Goizalde Urdanpilleta bokalak. Aipatzekoa da, BKTk zuzendaritza berria duela eta ekitaldian aitzineko batzordeari eskerrak eman nahi izan zizkiela, egindako lana eta eskainiko laguntza eskertzeko. Horrez gain, bazkide nahiz etorkizuneko babesleei laguntza ere eskatu zieten. Bertzalde, aipatu, fitxaketa berria egin duela BKTk. Talita Daiana brasildarra da. Daiana 1985eko urtarrilaren 26an jaio zen Brasilgo Mirasol herrian, 1,71 metroko garaiera du eta 65 kilo pisatzen ditu. Baztanera etorri aitzinetik, Brasilgo Esporte Guarulhos eta Espainiako Ohorezko Mailan ari den Santardergo Marina Park taldeetan ibili da. Nazioarteko jokalaria izandakoa da oinarrizko mailan eta juniorretan. Atezaina da eta aurten Lindutx Baztan BKTk eginen duen fitxaketa bakarra da, lehen mailako atezainik ez zuelako. Gainerako postu guztiak bertako eta bertze kategorietako jokalariekin osatu ditu BKTko talde nagusiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun