Ez da denbora aunitz Baztan-Urdazubi aldeko Donejakue Bidea martxan paratu zenetik, baina harrera ona izaten ari da. Urdazubi eta Baztango Santiago Bidearen Lagun Elkarteak badu kontent egoteko motiboa, inguruko zein atzerriko jende andana ibili baita. Urdazubiko aterpean, erraterako, abuztua bitarte ehun bat lagun pasatu ziren: frantsesak, belgikarrak, alemaniarrak, txekiarrak, argentinarrak, libanoarrak, euskal herritarrak, espainiarrak... Berroetako aterpetxeak ere erantzun ona izan du. Euskal herritarrak, espainiarrak, frantsesak... hainbat tokitako jendea ibili da.