Lekarozko Kolegioaren inguruan lan-mahaia sortzea proposatu du alkateak Parlamentuan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

Virginia Aleman Nafarroako Parlamentuan solastu da

Lekarozko Kolegioaren egoeraz mintzatu zen Virginia Aleman alkatea irailaren 16an Nafarroako Parlamentuan, Hezkuntza batzordearen aitzinean. Parlamen-tuan hitz egiten zuen lehendabiziko aldia zen Alemanentzat, baina bere hitzetan, «beharrezkoa zen, Lekarozko kolegioaren etorkizunari buruzko berririk ez dagoela ikusita». Kaputxinoek kolegioa salgai paratu zutenean, Udalak eraikinari ematen ahal zitzaion erabileraren inguruan azterketa egiteko eskatu zuela gogoratu zuen alkateak. Ikerketa horretan, Baztango gizarte eta ekonomiaren garapenerako zerbait egitea proposatu zen.

Alderdi erregionalistak (UPN) eta sozialistak (PSN) hizkuntz zentro bat egitearen aldeko aukera proposatu zuten. Hori, ordea, «hankamotz» gelditzen da Alemanen hitzetan. «Orokorragoa izan beharko luke egitasmoak, eta kultura eta artearekin ere lotura duena».

Baztandarren iritzia kontuan hartzeko, lan-mahaia sortzea proposatu du alkateak. Horrez gain, Nafarroako Gobernuarekin eta presidentearekin behin eta berriz biltzeko ahalegina erantzunik gabe gelditu izana salatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun