Interes bereziko guneak dira zohikaztegiak Europan. Eta gutti badaude ere, horietako bat Belaten dago, Baztan eta Ultzamako lurretan. Landareak, ura eta zohikatza bezalako elementuekin sortzen diren hezeguneak dira zohikaztegiak. Baldintza jakin batzuetan landare hondakina motelago usteltzen da, eta pilatzean, zohikatza metatu egiten da.
Belateko zohikatzaren egoera, ordea, kaskarra da, eta horri aitzin egiteko proiektua onartu berri du Udalak. Zohikatza sortzeko behar den landaredia bere onera ekartzea eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak sortzea da txostenaren helburua. Hiru zatitan banatu dute proiektua: Lehengora Itzultzeko Programa (46.612,65 euroko gastua eraginen du), Erabilera Publikoaren Programa (11.000 euro) eta Jarraipen Programa (21.691,52 euro). Guztira 79.304,17 euroko aurrekontua du proposamenak eta Udalak ez du deus ere ordaindu beharko. Proiektua Aritz Zaldua ingeniari teknikoa egin du. Erabilera publikoaren programa Isabel Ibarrolak eta koordinazioa eta zuzendaritza Carlos Armendariz eta Asun Berastegik.
Erabilera publikoaren programa deitu duten horretan, informazio zentroa, aparkalekua, askaldegia, interpretazio ibilbideak eta dibulgazio kanpaina egitea sartzen dira. Jarraipen programaren barne, berriz, landaredia, hidrologia eta lurzoruen jarraipena egitea sartzen da.
2005ean Nafarroako Gobernuaren eskariz, zonalde atlantiarreko hezegune azidofiloen diagnosia egin zen, eta azterketa horretan, zohikaztegiak eta zohikaztegi moduko eremuak bereizi ziren. Kontua da Nafarroan zohikatz metaketa gertatzen den lau toki bertzerik ez daude, eta horietako bat da Belatekoa. Nafarroako zohikatz metaketarik nagusienetarikoa da, gainera.
Belatek 9,17 hektarea ditu, horietatik 6,9 Baztango eremuan daude, gainerako 2.27 hektareak, berriz, Ultzamari dagokizkio. Berezko zohikaztegia Ultzamako aldean dago eta 0,25 hektarea ditu.