Bide-seinaletan Arraiozko Jauregizarrearen izena errespetatzea eskatu du Balleko Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko ira. 25a, 17:32

Kultura Departamentuak gai honi buruz dagoen legeria ez duela betetzen salatu du

Berriki paratu dituzte bide-seinale batzuk Arraiozen, errepidearen ertzean, Jauregizarrea non den adierazteko. Aipatutako seinaleetan bi izen ageri dira: Jauregizar eta Jauregizahar. Baztango Udaletik jakinarazi dutenez, ez bata, ez bertzea ez dira ofizialak, ofizial bakarra Jauregizarrea baita. Hortaz, seinale horietan dagoen informazioa okerra izateaz gainera, egindako akatsa bikoitza dela ohartarazi dute Balleko Etxetik, seinalearen tamainaren parekoa. Hori gutxi balitz, ez du aintzakotzat hartzen gaur egun gai honi buruz indarrean dagoen legeria. Liburuetan begiratzen bada ere, ikusiko da Jauregizarrea ageri dela.

Leku-izenak kultur ondarearen zati bat dira

Bertzalde, Baztango udaletik ohartarazi dutenez, Kultura Departamentuari dagokio Nafarroako kultur ondarea babestea eta sustatzea, eta gogoratu behar da leku-izenak ondare horren zati bat direla. Horregatik, Baztango udalaren ustez, akats hau larriagoa da Kultura Departamentuak berak egin duelako.

Gisa horretako akatsak berriz ere ez gertatzea eta Nafarroako legeriak xedatzen duena betetzea espero du Baztango Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun