Igandean, irailaren 21ean artzain besta ospatu zen Elizondon. Goizean goiz behe laino trinkoa zegoen eta horrek egunean zehar giro atsegina eginen zuela iragartzen zuen. Goizeko 10etarako lehen ekitaldia iragarrita zegoen, baina hori baino lehen sumatzen zen mugimendua Elizondon. Goizeko 10etan meza izan zen Elizondoko Santiago parrokian eta erran beharra dago eliza gainezka zegoela eta ez zela batere lekurik. Jesus Goldaraz Doneztebeko apezak, Jabier Azpiroz Elizondokoak eta Bernardo Sokobeherek meza eman zuten.
Zaldunekin ardi kanpora
Bitartean jende mordoa zegoen eliz atarian. Han lehen ikuskizuna eskaini behar zuten protagonistak prest ziren, zaldunak. 4 gizon eta lau zaldi, denak bat eginik. Zaldi gainean Jesus Mari Lukanbio, Jose Antonio Andiarena, Jose Jabier Agirre eta Migel Almandoz zeuden. Jende guztia zaldi dotoreak begiratzen ari zen eta planta ederra zutela errepikatzen zuen behin eta berriz. Hasera batean zaldunek ardiak eraman behar zituzten ardi kanpora, kasu honetan preziski prestatutako Merkatu Plazara, igandean “Euskal sheep Camp” izena hartu zuena. Zaldunen gibeleko aldetik joan ziren guztiak eliza eta Merkatu Plaza arteko bidea osatuz eta jende tartean, txitulariak, Jabier Larralde txistularia eta Juan Miguel Iriarte atabalaria. Erran beharra dago Jabier Larralde bera artzain ibili zela Ameriketan eta igandekoa egun berezia izan zela beretzat. Kalejiraren ondotik Merkatuko plazan prestatutako guztia jarraitu ahal izan zuten bisitariek. Ardi multzoa zuten Merkatuko plazan eta inguruan baita asto koadrila bat ere. Hauek artzainek beharrezko zituzten gauzak garraiatzen zituzten: palak, botak, zakuak…Ze paper garrantzitsua bete zuten astoek artzainen bizitzan, garraio tresna baliagarria bai ziren.
Hiru karro-kanpo Merkatu Plazan
Merkatu plazan, 3 karro-kanpo jarri zituzten, California, Nevada eta Arizonan bizileku zituztenak irudikatuz. Jendeak harriduraz ikusi zituen artzainen etxebizitzak eta sinetsgaitza iruditu zitzaien. Bitartean lur azpian sua eta brasak egiten ari ziren. Bi zulotan ogia eta haragia egin zuten. Batean egurra prestatu eta eltze baten barrenean ogia sartu zuten. Jendeak ogia atera zutenean gasna zela uste zuen eta etengabe galderak egiten zituen. Behin ogia aterata, haragiaren txanda izan zen. Kasu honetan Jesus Goñi izan zen lan hau erakutsi zuena. Eltze batean poliki-poliki pausu guztiak egin zituen. Lehenik barazkiak jarri zituen, tipula, baratzuria, tomatea…Ondotik haragia sartu zuen, bigarren lerroa ongi bete arte. Ongi gatzatu eta bertze bi kapak ere jarri zituen pausuz pausu. Azkenean ozpina, olioa eta koñaka bota zuen. Gainera, ez nolanahikoa, Carlos I basokada bat bota baitzuen. Lan hori guztia egiten ari zen bitartean, egurra brasa egiten ari zen eta bigarren pausua hasteko prest. Modu honetan, eltze gainean zilarrezko papera jarri zuen eta gainean tapa. Tapa ongi lotua egotea oso garrantzitsua zen eta hala, alanbrea erabili zuen bi aldeak elkartuz hautsa barrenera ez sartzeko. Egurra kendu eta bi eltzeak zuloan sartu zituen pala bat erabiliz, hauek brasa eta hautsarekin ongi tapatu arte. Eta hori egina zuenean bere lana horretan akautu zen, handik goiti lurrak eta beroak berea osatu behar baitzuten. Jendeak txalo zaparrada ederra eskaini zion Elizondoko artzainari. Haragia egiten ari zen bitartean ogia ikustera hurbildu ginen. Lorenzo Zelaieta Iruritako artzainak aldamenean zuen, zapi batekin estalia. Jendea zain zegoen, gehienbat probatzeko desiotan bai zegoen. Ogia eskuan hartu, eta zatitxoak egiten hasi zen. Jendea erleak eztira bezala, hurbildu zen Lorenzorengana. Lur azpian egindako ogiak zer nolako zaporea zuen jakin nahi zuten. Lehen ere aipatu dut artzainek zituzten bizi lekuak erakusgai zirela, baina ez hori bakarrik. Baita Arizonako ardi nagusien izenak agertzen zituen panel bat ere. Californian kanpin denda itxura zuen lo egiteko tokiak, Nevadan, etxetxoa zen karro kanpoa edo trailer house, beraiek erraten duten moduan. Barruan sua, lo egiteko tokia, mahaia…eta baita emakumeen argazkiak ere. Eta Arizonakoa koxkorragoa zen, baina ez zen alde handiegirik bi hauen artean. Hori bai, leiho ederrak zituen eta jendeak kirikeka aritzeko aprobetxatu zuen. Jendeak guztia ikusi bidenabar solas egin eta aspaldiko lagunak ikusteko baliatu zuen eguna. Batzuk 30 urte elkar ikusi gabe egon ondoren topo egin zuten Elizondon. Gainera taula gainean egunaren gora behera franko argitu zituzten. Taula gainean jendea aurkeztu eta eskaerak egiteko aprobetxatu zuten, holako edo halako baten bila zebiltzala erranez.
Agintarien solasaldiak
Eguerdiko 13ak baino zertxobait lehenago Virginia Aleman Baztango alkateak eta Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak hitza hartu zuten. Biek ere instituzio moduan hitz egin zuten, baina bertze aldea ere ezagun dutela erran zuten. Virginiak amaren anai bat du Ameriketan, Jose Luis eta Californian bizi da, Parifica izeneko herrian. Bertzetik Begoñak bi anai ditu Ameriketan. Azken hauek gazteak dira eta igandeko bestan parte hartu nahi izan zuten.
Mutildantza eta 700 lagunendako herri bazkaria
Ondotik, eguerdiko 13etarako jendea frontoira hurbiltzen hasi zen. Megafoniaz adierazi zuten tenore horretan ilara osa zezaketela, eta hala egin ere. Bitartean Jabier Larralde txistulariak eta Juan Migel Iriarte atabalariak mutil dantza bat jo zuten. Hasiera batean ez zen inor frontoi luzean, baina doinuak entzun ahala tradizioarekin bat egin nahi izan zuten hainbat gizonek, gazte, heldu eta baita haurrek ere.
Dantza bukatu eta jendea frontoi barrenera sartzen hasi zen. Sarreran zapi gorria jarri zieten eta Baztango artzainei buruzko liburua eskuratzeko ze modu behar ziren adierazi zieten.
Behin barrenean, Baztango udalaren irudia eta eguneko leloa zeraman katilua banatzen zieten. Baina ez pentsa, katilua ez zegoen hutsa. Barrenan whiskya, Seven up-a eta izotz puska ederra zeuden, alegia, “jeibola”. Artzainek edari hau hartzeko ohitura zuten eta gaur egun hala mantentzen dute. Gizonak ate batetik eta emakumeak bertzetik sartzen ziren. Denek tragoa eskertu eta barrenera sartzen ziren frontoian tokia hartu ahal izateko.
700 lagun baino gehiago bildu ziren bazkarian.
Aurpegi aunitz ikusi genituen eta denak irribartsu sartzen ziren frontoian goizak eman zuenarekin kontent. Baziren Bortziriak, Malerreka, Sunbilla, Baztan eta eskualdekoak, baina baita Iparralde, Iruñalde eta bestelako tokitakoak ere. Horiez gain, “Amerikano” batzuk ere hurbildu ziren artzain bestara eta itsasoaren bi aldeetara bizi arren, denak baztandarrak direla erakutsi zuten.
Frontoiaren alde batean agintariak jarri ziren eta hala, Udalbideko kideak, eskualdeko zenbait zinegotzi eta Baztango udaleko alkate eta zinegotziak ikus ahal izan genituen, bestak duen garrantzia azpimarratuz.
Jesus Goldaraz Doneztebeko apezak mahaia bedeinkatu zuen eta bazkari ederraz gozatzeko aukera izan zuten.
Dagoeneko 2008ko artzain besta pasatu da eta ziur denek eguna mintzagai izanen dutela, gaur, bihar eta baita ondoko egunetan ere.