Ameriketan izandako artzainen besta igandean eginen da Elizondon

ttipi-ttapa 2008ko irailaren 19a

Virginia Aleman Baztango alkateak eta Udalbideko Vicente Arozenak sinatu dute hitzarmena. TTIPI TTAPA

Baztango Udalak eta Udalbidek hitzarmena sinatu dute ortziral eguerdian

Igande honetan, irailaren 21ean, “Ameriketarat gana, artzain doike!” izenburupean, Ameriketara emigratu zuten artzainen besta antolatu du Elizondon Baztango Udalak, Udalbide, Artzain Mundua eta bertze zenbait erakunde eta pertsonen laguntzarekin. Besta egun honetarako antolatutako ekitaldiez gain, liburu bat ere argitaratu da, Diario de Noticias egunkariaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Liburuan Baztan, Urdazubi eta Zugarramurditik Estatu Batuetara emigratu zuten artzainen lekukotzak eta argazkiak bildu dira.

2006an Lesakan, 2007an Alduden eta Gernikan

Elkartze honek segida emanen die lehenago egin direnei, hau da: 2006an Lesakan eta 2007an Alduden eta Gernikan. Honen asmoa da omenaldi beroa egitea Ameriketako gizartean oroitzapen ona utzi zuten artzainei.

Elkarlan hitzarmena

Igandeko besta egunaren egitaraua aurkeztu bidenabarkoan, ortziral eguerdian hitzarmena sinatu dute Baztango Udalak, Udalbide Elkarlan Elkarteak eta Artzain Munduak. Baztango udaletxeko sabaian egindako sinadura ekitaldian, Virginia Aleman eta Martin Galde, Balleko Etxearen izenean eta Vicente Arozena, Udalbide Elkarlan elkartearen izenean izan dira.

Egitarau zabala

Igandeko egitarauari dagokionez, Martin Gardekeman du horren berri: goizeko 10etan Meza izanen da Elizondoko Santiago parrokian. 11:00etan zaldiek gidatutako ibilbidea eginen da Merkatuko Plazan paratua izanen den Ardi Kanporaino. 11:30etik 13.30era Ardi kanpoaan artzainen bizimodua izanen da erakusgai. Segidan, herri bazkaria eginen da Elizondoko frontoian eta bazkalondoan mutildantzak ez sheik, Jalisco Band taldearen doinuak dantzatzeko aukera izanen da. Zozketak ere aginen dira eta horietako batean, bi lagunendako Estatu Batuetarako bidaia izanen da jokoan. Hori bai, bere garaian artzain izateko bidai bera egin zutenei bakarrik salduko zaizkie zozketarako txartelak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun