Baztango Udalak kultur agenda zabala prestatu du udazkenerako

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 18a

Javier Ciga margolariari buruzko solasaldiak izanen dira egunotan

Baztango Udalak udazkenerako kultur agenda zabala prestatu du. Hasteko, Javier Ciga margolariari buruzko hitzaldi sorta izanen da aste honetan Elizondoko Jorge Oteiza Etnografia Museoan. Ortzegunean, irailaren 18an, Javier Cigaren bizitza eta lanei buruz ariko da Pello Fernandez Oiaregi “Tellagorri”. Ortziralean, hilaren 19an, “Ciga maisua bere ikasleen begietan” izeneko solasaldia eskainiko du Javier Zubiaur-ek eta larunbatean, irailaren 20an, “Ciga eta Salaverria: Euskal pinturaren bi joera sortzaile” solasaldia emanen du Urkiri Salaberriak. Hitzaldi ziklo honen antolatzaileak Ciga Fundazioa, Etnografia Museoaren Lagunen Elkartea, Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua dira.

Helduendako ikastaroak

Bertze aldetik, udazken honetarako helduei eta haurrei zuzendutako hainbat ikastaro ere eskainiko dira Baztanen. Hasteko helduei dagokienez, irudi digitalen erabilpenak maila ertaineko ikastaroa emanen da urriaren 8tik 23ra, astelehenetik ortzegunera, Eskiz informatika dendan. Ikastaroa 20 ordukoa izanen da eta ikaslean bi taldetan banatuko dira. Lehenbiziko taldea goizeko 10:00etatik 12:00etara ariko da eta bigarrena arratseko 20:00etatik 22:00etara.
Marrazketa eta pintura ikastaroa asteazken eta ortzegunetan emanen da Arizkunenean, urriaren 1etik aitzinera. Guzira 48 orduko ikastaroa izanen da eta 15 ikasle onartuko dira bi taldetan: lehenbizikoa arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara ariko dira eta bigarrenak 19:00etatik 21:00etara.
Azkenik, helduentzako zaharberritze ikastaroa emanen da Arizkunenean ortziraletan, 16:00etatik 20:00etara. Urriaren 3an hasita, 84 orduko ikastaroa eskainiko da.

Haurrendako plastika ikastaroa

Haurrei dagokienez, 5 eta 14 urte artekoek plastika ikastaroa izanen dute asteartetan Arizkunenean, urriaren 28tik otsailaren 4ra. Hauek ere bi taldetan banatuko dira: 16:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara.

Erakusketak

Erakusketei dagokienez, Amaiurko monolitoaren 25. Urteurrenaren oroitzapenezko erakusketa zabalik dago Amaiurko Serorategian irailean eta urrian. Nafarroako Gobernuak eta Amaiurko herriak antolatutako erakusketa honetan dokumentuak eta argazkiak bilduko dira. Ander Olaizola argazkilari goizuetarraren lanak irailaren 19tik urriaren 11ra ikusiko dira Arizkunenean eta Ignacio Irabururen “Baztango ispilatzeak” argazki erakusketa ikusgai izanen da urriaren 23tik azaroaren 19ra Arizkunenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun