Lindutx Baztan izanen da BKTren babesle nagusia denboraldi honetan

Goizalde URDANPILLETA 2008ko irailaren 18a

Lindutx Baztan eta BKTko ordezkariak, hitzarmena sinatu ondotik. TTIPI TTAPA

Eraikuntza enpresak eta eskubaloi taldeak irailaren 16an sinatu zuten hitzarmena

Asteartean, irailaren 16an Elizondoko Errota, Elkartean Propmociones y Construcciones Lindutx Baztan eta Baztango Kirol Taldearen arteko hitzarmenaren sinadura ekitaldia egin zen. Lindutx Baztanen izenean Aitor Nuñez eta Iñaki Unanuak parte hartu zuten, Xabier Iparragirrek ez baitzuen hurbiltzeko aukera izan eta Baztango Kirol Taldearen izenean, Belen Urrutia lehendakaria, Ines Izeta lehendakariordea, Txus Sobrino idazkaria, Mari Jose Mortalena diruzaina eta Goizalde Urdanpilleta bokala izan ziren.

Lindutx Baztan BKT

2008-2009 denboraldian Baztango Kirol Taldeak Lindutx Baztan BKT izena hartu du. Zuzendaritza batzorde berriak denboraldia ilusioz hasi du eta bazkide nahiz etorkizuneko babesleei laguntza eskatu die. Astearteko ekitaldian Zuzendaritza Batzorde berriko zenbait kide soilik izan ziren denetara 12 baitira. Belen Urrutia lehendakaria, Ines Izeta lehendakariordea, Txus Sobrino idazkaria, Mari Jose Mortalena diruzaina, Juan Luis Mayordomo, Iñaki Uriarte, Cristina Goñi, Ruben Ziganda, Ana Danboriena, Juanjo Ramos, Enrique Petrirena eta Goizalde Urdanpilleta bokalak.

Julian Baldanta, lehen taldeko entrenatzaile berria

Talde teknikoari dagokionez, Julian Baldanta da lehen taldeko entrenatzailea, Enrique Petrirena bigarren taldekoa eta Iñaki Iriarte kadeteena. Lindutx Baztan BKT taldearen helburua lehen maila mantentzea da eta aldi berean harrobia sendotzea. 2008-2009 denboraldian zortzi taldek osatzen dute Lindutx Baztan BKT taldea: lehen mailakoa, bigarren mailakoa, jubenilak, lehen eta bigarren urteko kadeteak, lehen eta bigarren urteko infantilak eta alebinak.

80.000 euroko aurrekontua

Lindutx Baztan BKT taldeak 80.000 euroko aurrekontua du denboraldi honetarako eta dagoeneko zenbait babesle lotuak dituen arren, beti ateak zabalik dituzte etorkizuneko laguntzaileak hartzeko. Asteartean Lindutx Baztan enpresarekin hitzarmena sinatu ondotik bertze pausuekin jarraituko du zuzendaritzak eta laster denboraldiaren aurkezpena eginen du. Lehen taldeak lehen norgehiagoka urriaren 4an jokatuko du eta gainerako taldeak ere entrenatzen ari dira denboraldi berria ilusio eta gogoz ekiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun