Baztan Rugby Taldeko sortzaileak omendu zituzten 30. urteurreneko ekitaldian

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 16a

Baztan Rugby Taldeak bere hogeita hamargarren urteurrena ospatu zuen larunbatean, irailaren 13an, Lekarozko zelaian egindako ekitaldian. Kategoria ezberdinetako rugby partidak jokatzeaz gain, taldeko sortzaileei omenaldia eskaini zitzaien.

Emakume eta gazteen arteko partiden ondotik omenaldia

Lehenik, emakumeen arteko rugby partida jokatuko zuten Unika-Baztanek Baionaren kontra. Segidan, mutilen gazte mailako Baztanek eta Tuterako Gigantes de Navarra taldeek. Segidan, Baztan Rugby Taldeko sortzaileei eta jokalari ohiei omenaldia eskaini zitzaien. Denei, 30. urteurrena gogoratzen duen zapia eman zitzaien. Xabier Soubelet, Rafael Olaizola, Kiko Satrustegi, Javier Aragon, Iñaki Unanua, Txomin Garmendia, Joxemari Arnal, Frias, Karrikiri, Salba Lizasoain eta 1970. Hamarkada bukaerako eta 1980. Hamarkada hasierako bertze hainbat errugbilari izan ziren omenaldi ekitaldian.

BRT Senpereko SPUCen kontra

1978an sortu zen taldea eta geroztik, bere gorabehera guziekin, hainbat jokalari pasatu da Baztan Rugby Taldetik. Ekitaldi honen ondotik, larunbat arratsaldeko partida nagusia zuten gizonezkoen Baztan Rugbi Taldearen eta Senpereko SPUC taldeen artean. Segidan, hirugarren denbora ere izan zen, urteurreneko ospakizun giroan nahi zuen guziak segitzeko. Horretan lagundu zuten rugbi zelai ondoan paratutako puzgarriek eta ostatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun