Abuztuaren 31n Iruritako herriko plazan bertako dantzarien erakustaldia izan zen. Aurtengoan eguraldia lagun izan zuten eta 60ren bat dantzarik ordu eta erdiz kolorez eta musikaz alaitu zuten plaza. Aurreskuarekin hasiera emanez, txikiek segitu zuten, gazteen taldeei pausua emanez. Urteetan galdua zen San Migel dantza eta orain dela urte batzuk berreskuratu zena ere ikusi genuen. Pena da herriko bestetan ez dela dantzatzen, garai batean egiten zen bezala! Irurita dantzarien eta pilotarien herria izan da beti, Don Jesus Jaimerena apezari esker. Iruritan egon zen urteeetan lan ikaragarria egin zuen, euskal kultura bultzatuz eta herriak beti eskertuko dio. Egun hori dantzariak izan direnendako txirrinta eguna izaten da, sabeleko xixarea iratzarri egiten delakoz.
Bestari jarraipena emateko zikiro-jatea izan zen, eta bazkalondoa eta arratsaldea Salaberrik alaitu zuen.
Dena den, urritik aitzinerat, entsaioekin hasteko asmoa dago, astean behin, Gizarte Bilgunean. Dantzak ikasi nahi dituen adin guztietako jendearentzako egonen da zabalik eta hemendik bereziki mutilak animatu nahi ditugu.