Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola berria inauguratu dute Almandozen

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 15a

Almandozko ikasleen lana hurbiletik ikusi zuten inaugurazioan parte hartu zuten udal eta gobernu ordezkariek. TTIPI TTAPA

Inaugurazio ekitaldian berriki erretiroa hartu duen Joxe Urroz omendu dute

Almandozek eskola berria du joan den asteaz geroztik. Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola berria irailaren 9an inauguratu zuten. Guztira 21 ikasle ari dira D ereduan eta lan hauetarako 346.328,47 euroko inbertsioa egin da. Eycons Obras y Proyectos SL enpresak egin ditu lanak, Juan Carlos Mugertza Santos eta Carlos Iriondo Apaolaza arkitektuen proiektuaren arabera.

310 metro koadroko solairu bakarrean biltzen dira 40 metro koadroko bi ikasgelak, 60 metro koadroko erabilera anitzeko gela, zuzendariaren bulegoa, komunak, garbiketa gela eta portxea ditu. Inaugurazio ekitaldian, Virginia Aleman alkatearekin eta udal ordezkariekin batera, Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria eta Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaria ez ezik, Eskola Kontseiluko presidentea ere baden Begoña Sanzberro almandoztarra izan ziren.

Joxe Urrozi omenaldia

Maria Natividad Baranguan Zozaiaren zuzendaritzapean, Almandozko eskolak 21 ikasle ditu ikasturte honetan, 5 Haur Hezkuntzan eta 16 Lehen Hezkuntzan. Ikastetxeko 3 irakasleekin batera, bertze ikastetxeetan ere aritzen diren 4 irakaslek ematen dituzte Musika, Soin Hezkuntza eta Pedagogia terapeutikoa ikasgaiak, orientatzailearekin batera. Perez-Nievas kontseilariak Almandozko ikastetxe berriaren inaugurazioa aprobetxatu zuen abuztuaren 31n erretiratu zen Joxe Urroz Arrastio irakasleari omenaldi xumea eskaintzeko. 1974-75 ikasturtetik teknologia mekanikoa irakasgaia eman du Elizondoko Lanbide eskolan eta 34 ikasturte hauetan zuzendaria ere izan da. Hezkuntza Departamentuak argitaratutako liburu-sorta jaso zuen Joxe Urrozek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun