Baztan rugby taldearen 30. urteurrena dela eta ospakizun berezia izanen dute larunbat honetan, irailaren 13an, Lekarozen. Ultzama eta Baztango Rugbylariak biltzen dituen Baztan Rugbi taldea da antolatzailea eta Baztango Udalaren, Nafarroako Rugby elkartearen eta bertze zenbait erakunde eta komertzioen laguntza izan du ekitaldia antolatzeko.
Partida ugari, omenaldia eta hirugarren denbora
Arratsaldeko 14:00etan emakumeen arteko rugby partida jokatuko dute Unika-Baztanek Baionaren kontra. Arratsaldeko 15:45ean gazteen arteko partida jokatuko dute Baztanek eta Tuterak. Segidan, 16:45ak aldera, Baztan Rugby Taldeko jokalari ohiei omenaldia eskainiko zaie. 1978an sortu zen taldea eta geroztik, bere gorabehera guziekin, hainbat jokalari pasatu da Baztan Rugby Taldetik. Ekitaldi honen ondotik, larunbat arratsaldeko partida nagusia jokatuko da, gizonezkoen Baztan eta Senpereko SPUC taldeen artean. Segidan, arratsaldeko 19:00etan hirugarren denbora ere izanen dela iragarri dute eta etorri nahi duten guziek, kirol honek hain famatua egin duen elkar ezagutza besta horretan parte hartu ahal izanen du doan.
Haurrendako puzgarriak eta helduendako ostatua
Aipatzekoa da arratsaldeko 14:00etatik aitzinera haurrentzako puzgarriak ere paratuko direla Lekarozen eta ostatua musikarekin ere izanen da, Baztango errugbiaren hogeita hamargarren urteurrenari eskainitako arratsaldea girotzeko.