Igantzi nagusitu da herriz herri txapelketako bigarren konbinatuan

Aitor AROTZENA 2008ko irailaren 9a

Mikel Larretxea, Berako Gure Txokoako zakularia lanean. TTIPI TTAPA

Arraiozen larunbatean jokatutako finalean, Berriozar nagusitu zen lehen konbinadan

Joan den larunbatean, irailaren 6an, Nafarroako Herriz Herri txapelketako finala jokatu zen Arraiozen. Lehenik, koxkor biltzea, zakua, aizkora, korrika eta arpana modalitateak biltzen dituen lehenbiziko konbinadako azken saioak jokatu ziren. Hasteko, aitzinetik egindako saioetan lortutako postuen arabera, laugarren, bosgarren eta seigarren postuak erabaki ziren. Basaburua nagusitu zen, beraz, laugarren postua eskuratu zuen. Bosgarren Gure Txokoa izan zen eta seigarren Garralda. Ondotik, finalera sailkatu ziren hiru taldeen arteko finala jokatu zen eta hemen Berriozar nagusitu zen, Ultzama izan zen bigarren eta Igantzi hirugarren.

Bigarren konbinadan Igantzi txapeldun eta Basaburua azpitxapeldun

Segidan, indarreko konbinadaren txanda izan zen, harrijasotzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea biltzen dituenarena. Hemen, bortz jardunaldietako denborak kontuak hartzen dira. Larunbatean Arraiozen Igantzi nagusitu zen, bigarren Ultzama izan zen, hirugarren Garralda, laugarren Berriozar, bosgarren Basaburua eta seigarren Gure Txokoa. Sailkapen orokorrean ere Igantzi nagusitu da. Arraiozen egun txarra izan bazuen ere, Basaburuak bigarren postua eskuratu du, Garralda izan da hirugarren, Ultzama laugarren, Berriozar bosgarren eta Gure Txokoa seigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun