Heldu den irailaren 21ean Elizondon “Ameriketarat gana, artzain doike!” izenburupean, Ameriketara emigratu zuten artzainen besta antolatu du Baztango Udalak, pertsona talde batekin elkarlanean. talde hau lotua dago iragan mendearen 50 eta 60ko hamarkadetan Ameriketara emigratu zuten artzainekin. Harrera herriaren lan baldintza gogorrek, bertako hizkuntza ez ezagutzeak eta kultura desberdintasunek lotura afektibo indartsuak sortu zituzten artzainen artean. Lotura hauek denboran iraun dute eta gure orimenaren parte bat osatzen dute; horrela, besta egun honetarako antolatutako ekitaldiez gain, liburu bat argitaratuko da, Diario de Noticias egunkariaren eta Nafarroako Gobernuaren languntzarekin. Liburuan bilduko dira Baztan, Urdazubi eta Zugarramurditik Estatu Batuetara emigratu zuten artzainen lekukotzak eta argazkiak.
Lesakan 2006an eta Alduden 2007an
Elkartze honek segida emanen die lehenago egin direnei, hau da: Alduden (2007ko irailaren 30ean) eta Lesakan (2006ko urriaren 22an). Honen asmoa da omenaldi beroa egitea Ameriketako gizartean oroitzapen ona utzi zuten artzainei. Antolatzaileak dira: Baztango Udala eta Artzain Mundua, bertzalde babesleak hauek dira: Nafarroako Gobernua, Landa Garapen eta Ingurumenaren Departamentuaren bidez, Diario de Noticias egunkaria eta Udalbide, eta hondarrekoz, laguntzaileak ondoko hauek: BBK, Iberia, Kutxa eta Lesakako Udala.
Gure herrietako ekonomia aitzinera
Joan den ortziralean, irailaren 5ean egindako aurkezpen prentsaurrekoan Baztango Udaleko zinegotziak, Martin Gardek, adierazi zuen Baztango oroimen kolektiboan berreskuratuko direla, XX. mendearen 50 eta 60ko hamarkadetan Estatu Batuetara emigratu zuten artzainen bizipenak. Haiek beren sorterriak eman ez zien lana bilatzera joan ziren eta, irabazitako sosari esker, gure herrietako familia anitzen ekonomiek aitzina egin ahal izan zuten.
Nafarroako Gobernuaren babesa
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariak, Begoña Sanzberrok, azaldu zuen Nafarroako Gobernuak badakiela pertsona hauek egindako lanak, zer nolako garrantzia izan duen gure Komunitatea garatzeko, horregatik, aitzineko artzain nafar emigratzaileen biltzarrak babestu ditu. Hori dela eta, diruz lagundu da nafar oroimenaren parte bat jasotzen duen liburuaren argitalpena.
Oroimen hau oso hurbilekoa du Begoña Sanzberro kontseilariak, adierazi duenez, zeren bere jendaki batzuk Ameriketara emigratu behar izan baitzuten, gaur ezagutzen dugun gure Komunitatea oso bertzelakoa zenean. Beraz, agertu du pozik ikusten duela oraingo gazteek emigratzeko beharrik ez izatea, Nafarroa herrialde oparoa baita, aukera hobeen xerka etorritakoen hartzailea.