Abuztu hasieran bertze solasaldirik ez zegoen Baztanen: Orabidean hartz hil bat agertu zela. Bertako biztanleak, usain txarraz gidatuak, animali haundi baten gorpua harrapatu zuten amildegi batetik beheiti. 112ra deituta Foru Poliziak eta Ingurumen Departamentuko langileek bere gain hartu zuten afera, misterio eta prisa haundiarekin, bertaratzen zirenei hurbiltzea zailduz. Herritarren arabera, animali arras haundia zen, agian 100 kilo ingurukoa, eta hartz baten itxura zuen, hanketan soka bat zuena. Hasiera batean hartza zela zabaldu zen arren, Nafarroako Gobernuak ezeztatu egin zuen berria, izugarrizko tamainako zakurra zela adieraziz. Egia zein ote da? Edozein kasutan, ez dute argazkirik argitaratzea baimendu.