Anizko Jauregia baserrikoek bertze urrats bat eman dute beraien behi-esneari merkaturako bidea zabaltzerakoan. Duela lau urte, 2004an, jogurta, jogurt irabiatua eta gasna saltzen hasi ziren. Joan den urtean esne pasteurizatua egiten hasi ziren. Abuztuaren 13an, berriz, bertze urrats bat eman zuten beraien produkzioa merkaturatzeko orduan eta eguneko esne pasteurizatua banatzen duen makina, estatu osoko lehenbizikoa, paratu zuten Elizondon. Mikel Azkaratek aipatu zuenez, duela urtebete ezagutu zuten makina hau Italian eta horrelako bat Elizondon paratu behar zutela otu zitzaien. Makinak 300 litro hartzen ditu eta etengabe berritzen da esnea. Norberak bere ontzia edo botila eramatea komeni da, baina makinak berak ere eskaintzen du plastikozko edo kristalezko botila. Litro bat hartzen ahal da euro baten truke, edo litro erdia 50 zentimoren truke. Behin eguneko esnea hartuta, bortz egun baino lehen kontsumitzea komeni da, baina hozkailuan ongi zainduta, astebetez bere kalitatea gordetzen du. Garai batean bezala, baserriko eguneko esnea izateko prozesua erraza dirudi orain Baztanen: behia jeitzi, modu egokian garraiatu, makinaren tankea bete eta salerosketa…
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!