Udal gestioa eta bereziki udal funtzionamendurako dauden gobernu organo ezberdinak eta horien betebeharrak ez dira maiz herritarren artean sobera ezagunak, gurean baztandarren artean.
Baztan bezalako udaletan Ogasun (Hacienda) batzordeak eratzeko beharra ez du indarrean dagoen arautegiak bere baitan biltzen. Hala ere eta Udaleko diru kontuak garbiki agertzeko asmoz eta Virginia Aleman alkatea izaki joan den legealdian Baztanen batzorde hau hala nahita eratu zen (inoiz ez UPN eta bere lagunak agintean egon direnean).
Batzorde honen eginbehar nagusia diru aurrekontuaren gauzatze prozesua gainbegiratzea eta kontrolatzea da, hau da, egin beharreko ordainketak banan bana aztertzea, fakturaz faktura, kontuz kontu, egiaztagiriz egiaztagiri, baita udal aurrekontuaren bertze diru partiden egoera ere.
Gaur egun NaBaiko gobernu taldeak batzorde hau mantendu eta bultzatu egiten du, bertze modura egokia ez zelakoz izanen, eta bertan udal oposizioan dagoen UPN taldeari eskatzen duen informazio eta dokumentazio guzia helarazten dio, hamabortzean behin egiten den bilkuran agertzen diren bertze zalantza eta argibide osagarri guztiak eskainiz.
Baztango gestioan nahiz etorkizuneko proiektu baten diseinuan ezertan lagunduz, proposamen eta aldeko ekimen bakar bat bera ere agertu gabe eta eragozpenak jarriz oposizio hipokrita soilik egiten duen UPN alderdiak agintzen duen udalerrietan antzeko batzordeak eratu beharko zituen, Baztanen aspaldi egiten den gisara.
Baztango NaBai taldearentzat udal gestioa garbiki gauzatzea baztertu ezineko konpromisoa da, arduraz bete beharrekoa. Kudeaketa arduratsua egitean zenbait erabaki hartu behar izan dugu, Baztango UPN taldeak arduragabeko alderdikeri doilorraz jardunez udal informazioa eta dokumentazioa behar ez bezala fotokopiatu eta banatu ez dezan, honek ez baitu Baztanerako deus onik ekartzen. Eskatzen duten informazio eta dokumentazio guztia beti eskura izanen dute, udaletxean kontsultatu, aztertu eta ikertzeko aukera emanez, politikoki bultzatzen ez duten Ogasun Batzordearen barne edo hortik kanpo eta orain arte erakutsi ez duten zorroztasunez kontrol lan serio bezain zilegia bete dezaten.
Virginia Aleman