Xabier Mendioroz margolariaren akuarela lanak ikusgai izanen dira Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean abuztuaren 30etik irailaren 17ra. Inaugurazio ekitaldia abuztuaren 30eko 19:30ean eginen da eta geroztik, bere lanak ikusteko modua izanen da astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era.
Marrazki errazak eta kolore argi eta freskoak
Xabier Mendioroz Iruritan sortu zen, baina profesionalki, urtetan albaitaria izan da Donezteben. Hori bai, afizioz margolaria izan da beti. Gazte zelarik, 16 urterekin, koadro pare bat egin zituen eta oraindik “dilinden, nere etxean daude”. Erretiroa hartuta, albaitari izateari utzi eta berriz sortu omen zaio “margolari-kalentura” eta akuarelak margotzen hasi da. Baztan eta Malerrekako herriak, mendiak eta paisaiak margotzen ditu, baina baita Holanda edo Kanarietakoak ere. Marrazkiak erraz egiten omen ditu eta koloretan, berriz, freskotasuna eta argia erakusten ditu. Bere erakusketa bisitatzeko gonbite berezia egiten du Mendiorozek: “Ikus eta goza ezazue nere pinturekin, nik gozatzen dudan bezala, egiterakoan”.