Amaiurko gazteluaren hirugarren indusketa kanpainaren lehen zatia bukatu berri duten honetan, hausnarketa garaia iritsi da. Aurkitutako guztia bildu, dituzten agiriekin alderatu eta ondorioak ateratzeko baliatuko dituzte ondoko hilabeteak. Indusketen helburuak ari dira betetzen: memoria historikoa berreskuratu eta kultur ondarea zaharberritzea. Nahiko gaztelu ttikia zen Amaiurrekoa, normalean 12 soldadu zituena Baina sinbologia aldetik berebiziko garrantzia du Euskal Herrian, batez ere Gaztelako inbasioari aurre egin zion Nafarroako Erresumako azken gotorleku gisa ezagutzen delako. Amaiur baino lehenago ere gaztelu asko desagerrarazi zituzten Gaztelako tropek Nafarroan, baina Baztango bailarakoa da egun sinbologia hori guztia biltzen duena.
Hirugarren kanpaina
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Udako Euskal Unibertsitatearekin, Baztango Udalarekin, Udalbiderekin eta Amaiurreko herriarekin batera 2006an hasitako lanen aitzinetik, Baztango bailarako tontortxo honetan ez zegoen Amaiur gazteluaren inongo zantzurik. Horrexegatik egitasmo honi hasiera ematean Aranzadikoen helburu nagusia oroimen historikoa berreskuratzea zen. Horrekin batera, kultur ondarearen zaharberritzea bultzatu nahi dute eta programa hezitzaile bat egituratu ere bai, «honen guztiaren zabalkundea bultzatu nahi dugu, ondoren, aldizkariak aterako ditugu, bai oso maila teknikoan, eta bai publiko orokorrari zuzendutakoak ere. Webgunea ere abiatzeko asmoa dugu». Lehen indusketa kanpaina 2006an izan zen. Orduan gotorlekuko mendebaldeko harresiaz eta ekialdekoaren zati batez gain, animalia hezurrak, txanponak, zeramika pusketak, iltzeak eta horrelakoak topatu zituzten bertan. Iazko kanpainari dagokionez, gazteluaren erdia hartu eta Erdi Aroko gazteluaren zatiak bistarazi zituzten.
800 arrasto aurten
Aurten, berriz, indusketa lan «klasikoagoa» burutu dute Amaiurren: «Harresien barruan egon gara lanean. Materiala hartu eta poliki-poliki hori guztia ateratzen aritu gara. Arrasto asko aurkitu ditugu gainera, eta kontuan hartu behar da arkeologian kontua ez dela arrastoak topatzea bakarrik, horiek zein mailatan topatu diren ere oso garrantzitsua da». Horiek horrela, aurtengo kanpainak 800 bat «arrasto» utzi ditu agerian; eraikuntzarekin dute zerikusia batzuek -iltzeak eta teilak, esaterako- eta bertoko bizimoduari buruzko zantzuak agertzen dituzte beste batzuek -animalien hezurrak-. Bestelako lanik ere egin dute: «Georadarra pasa dugu gazteluaren beste zatia bistarazi beharrean. Horrek, izpien bidez, lurraren desberdintasunak atzematen digu. Orain honek zein informazio ematen digun ikusi behar dugu, izan ere, gazteluaren perimetroa zehazten lagunduko digula uste dugu». Hiru kanpaina hauek bukatuta, udazkena bitartean, behintzat, hausnarketa garaia izango da ikerlari taldearentzat. Aranzadikoek historialari bat eduki dute azken urte eta erdian dokumentazioa lantzen eta orain «harriek eta agiriek esaten digutena gurutzatu behar dugu».
Amaiurko besten txupinazoa
Hiru urteotan Amaiurren egin duten lana eskertzeko edo, Amaiurko herriak, bestetako txupinazoa pizteko aukera ere eman zieten Aranzadiko langileei eta hauek gustora egin zuten.