Peio Segurola eta “Artzai” bere zakurra nagusitu ziren abuztuaren 15ean Amaiurren jokatu zen XXXIII. artzain-zakur lehiaketa, Patxi Etxeberriaren laugarren memorialean. Parte hartzaile guziek maila ederra eman zuten, baina iazko irabazleak, Gipuzkoako txapeldunak nagusitu ziren aurten ere Amaiurko Gaztelukomaldan, 363 punturekin. Bigarren postua Alduideko Martzel Ugalde eta Txiko zakurrarentzat izan zen, 336 punturekin. Duela bi urte Amaiurren txapeldun izandako Mikel Aizpuru oiartzuarra eta Beti zakurra hirugarren izan ziren, 334 punturekin. Laugarren postua Felix Irigoien amaiurtarrarentzat eta Peio bere zakurrarentzat izan zen, 292 punturekin.
Patxi Urrutia falta
Aurkezle lanak Euskal Telebistako Arantxa Lekuonak bete zituen. Azken 30 urteotan lan hori zintzo bete duen Patxi Urrutia amaiurtarrak ezin izan zuen bere lehiaketa kuttunean egon, Garzonen aginduz espetxeratua baitago.
350 buru ardi eta ahari lehiaketan
Goizean, zazpigarren aldiz egin den ardi eta ahari lehiaketa jokatu zen. Guzira, sei ardiz eta ahariz osatutako 50 artalde aurkeztu ziren, 350 buru denera, maila handikoak. Muturgorrien artean, Arraiozko Indakoako Felisa Ugartek aurkeztutako bi artaldek irabazi zuten lehen eta bigarren kategorian, 6 eta 18 hilabete artekoen eta urte terdi eta hiru urte artekoan, zehazki. Hiru urtetik goitikoen kategorian, Zugarramurdiko Sansiñenako Iñaki Zubillagak eskuratu zuen lehen saria. Muturbeltzen artean, Almandozko Etxotoako Begoña Etxalarrek irabazi zuen lehen kategorian, Elizondoko Pardioleneako Manuel Bertizek bigarrenean eta Almandozko Etxotoako Norberto Agerrek hirugarrenean.
Gasna lehiaketa
Amaiurko plazan ardi gasna lehiaketa ere egin zen. Lehenbiziko kategorian gasnategiko gasnek parte hartzen ahal dute, hau da, bertze esplotazioen esnea erabiltzen dutenak. Kategoria honetan, SAT Amaiurko Begoña Etxandik irabazi zuen. Bertze kategorian, norbere esplotazioko esnea erabiliz gasnategian gasna egiten dutenak sartu ziren eta hemen Urdazubiko Etxelekuako manuel Bengoetxea nagusitu zen. Azkenik, baserriko gasna kategorian, etxean gasna egiten dutenak sartu ziren eta Berako Garmendikobordako Socorro Almandoz gailendu zen.