Artzain Eguna ospatuko dute Amaiurren abuztuaren 15ean

Artxibokoa 2008ko abuztuaren 14a

Artzainen eta zakurren arteko elkar hartzea neurtuko da arratsaldeko lehiaketan. TTIPI TTAPA

XXXIII. Artzain Zakur lehiaketa eginen da arratsaldean

Baztan-Bidasoa eta Xaretako artzainek hitzordua izanen dute Amabirjin egunean, abuztuaren 15ean Amaiurren, Artzain Eguna ere ospatuko baita herriko besten egun handian. Ardi eta ahari lehiaketaz gain, gasna lehiaketa eta artzain zakur lehiaketa ere eginen dira.

VII. Ardi eta Ahari lehiaketa

Zazpigarren aldiz egiten den ardi eta ahari lehiaketan bi kategoria izanen dira, muturbeltz eta muturgorriena. Kategoria bakoitzean, sei ardi eta ahariaz osatutako artalde onenak saritzen dira. Zehazaki, 6 eta 18 hilabete arteko artaldeak, 18 eta 36 hilabete arteko artaldeak eta 3 urte baino gehiago artaldeak sarituko dira. Muturbeltzen artean, gainera, adakera onena duten artaldeak sarituko dira, 18 eta 36 hilabete arteko eta 3 urtetik goitiko kategorietan. Azkeneko lehiaketan 399 ardi eta ahari aurkeztu zirela kontuan hartuz, dudarik gabe eskualdeko lehiaketa onena da Amaiurkoa.

Gasna lehiaketa plazan

Bien bitartean, Amaiurko plazan ardi gasna lehiaketa ere eginen da. Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdiko gasnaegileek parte hartzen ahal dute eta hiru kategoriatan banatuko dira. Lehenbizikoan gasnategiko gasnek parte hartzen ahal dute, hau da, bertze esplotazioen esnea erabiltzen dutenak, Bertze kategorian, artzain-gasnan, norbere esplotazioko esnea erabiliz gasnategian gasna egiten dutenak sartuko dira eta, azkenik, baserriko gasna kategorian, etxean gasna egiten dutenak sartuko dira.

XXXIII. Artzain Zakur txapelketa

Arratsaldeko 17:00etan, berriz, hogeita hamahirugarren artzain-zakur lehiaketa, Patxi Etxeberriaren laugarren memoriala eginen da. Lehenik artzain-zakur desfilea eginen da eta gero lehiaketa. Guzira hameka artzain eta bere zakurrak ariko dira: Xabier Urien Euskadiko txapelduna, Antonio Alustiza Nafarroako txapelduna, Kepa Ardanza Bizkaiako txapelduna, Jesus Mari Plazaola Gipuzkoako txapelduna, Marzel Uhalde Iparraldeko txapelduna, Felix Irigoien eta Jose Mari Istilart amaiurtarrak, Jorge Oteiza oronoztarra eta aitzineko edizioetan txapeldun izandako bertze hiru artzain lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun