Eguneko esnea emanen duen makina paratu dute Anizko Jauregiakoek Elizondon

Goizalde URDANPILLETA 2008ko abuztuaren 14a

Aitor Azkaratek azaldu zuen makinaren funtzionamendua. TTIPI TTAPA

Estatu osoan ezartzen den gisa honetako lehenbiziko makina da

Anizko Jauregia baserrikoek bertze urrats bat eman dute beraien behi-esneari merkaturako bidea zabaltzerakoan. Duela lau urte, 2004an, esnearen sektorea gaizki zebilela ikusiz, esne produkzioaren zati bat etxean transformatzea erabaki zuten eta jogurta, jogurt irabiatua eta gasna saltzen hasi ziren. Joan den urtean esne pasteurizatua egiten hasi ziren.

Kalitatea helburu

Azkarate Tomassone familiaren helburu nagusia kalitatea da eta horregatik, lehengaien kontrola bermatzen dute. Bertako belardiei lehentasuna emateaz gain, transformazioari ere garrantzi handia ematen diote, produktu bukatuaren garbitasuna zainduz. Banaketaz eta salmentaz ere, Jauregikoak beraiek arduratzen dira. Guzira 35 behi jeuzten dituzte eta sei lagun ari dira lanean, denak etxekoak.

Estatu osoko lehenbizikoa

Erran bezala, asteazkenean, abuztuaren 13an, bertze urrats bat eman zuten beraien produkzioa merkaturatzeko orduan eta eguneko esne pasteurizatua banatzen duen makina, estatu osoko lehenbizikoa, paratu zuten Elizondon. Mikel Azkaratek aipatu zuenez, duela urtebete ezagutu zuten makina hau Italian eta horrelako bat Elizondon paratu behar zutela gogoratu zitzaion.

300 litro

Makinak 300 litro hartzen ditu eta etengabe berritzen da esnea. Norberak bere ontzia edo botila eramatea komeni da, baina makinak berak ere eskeintzen du plastikozko edo kristalezko botila eskuratzeko aukera. Litro bat hartzen ahal da, euro baten truke edo litro erdia, 50 xentimoren truke. Behin eguneko esnea hartuta, 5 egun baino lehen kontsumitzea komeni da, baina frigorifikoan ongi zainduz gero, astebetez bere kalitatea gordetzen du. Garai batean bezala, baserriko eguneko esnea izateko prozesua errexa dirudi orain Baztanen: behia jeitzi, modu egokian garraiatu, makinaren tankea bete eta salerosketa… Anizko jauregiakoen bertze urrats bat baserrian eta baserriko produktuetaz bizi ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun