Igantzi nagusitu zen herriz herri txapelketako hirugarren jardunaldian

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 5a

Bi proba konbinatuetan garaile izan zen larunbatean Elizondon

Igantziko taldea nagusitu zen joan den larunbatean Elizondon jokatutako Herriz Herri txapelketako hirugarren jardunaldiko bi proba konbinatuetan. Bertan, Igantzikoekin batera, Baztango Basaburuakoak eta Garraldako kirolariak aritu ziren. Gure Txokoak, Ultzamak eta Berriozarrek atsedena zuten.

Lehenbiziko proban Igantzi garaile eta Basaburua bigarren

Lehenbiziko proba konbinatuan, koxkor biltzea, zakua, aizkora, korrika eta arpana modalitateak biltzen dituenean, Igantzik 18 minutu, 34 segundu eta 42 zentesima behar izan zituen lana akautzeko, Basaburuak 19 minutu, 24 segundu eta 70 zentesima eta Garraldak 20 minutu 4 segundu eta 5 zentesima.
Igantziko taldean Mikel Antxordoki aritu zen koxkor biltzen, Iñaki Bereau eta Karlos Sein zaku lasterketan, Xabier Ariztegi etxalartarra aizkoran, Patxi Irazoki lasterka eta Julen Txoperena eta Iñaki Portu arpanean.
Basaburuako taldearekin, Zigako Xabier Danborenea aritu zen koxkor biltzen, Zigako Mikel Igoa eta Anizko Xabier Maritorena zaku lasterketan, Zigan bizi den Felix Etxeberria sunbildarra aizkoran, Zigako Patxi Barberena lasterka eta Iruritako Unai Apeztegia eta Joxi Iribarren arpanean.

Bigarren konbinatuan, bigarren posturako lehia estua

Indarreko bigarren proba konbinatuan, harrijasotzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea biltzen dituenean ere Igantzi nagusitu zen, 2 minutu, 34 segundu eta 87 zentesimako denborarekin. Gainera, hiru probatan Igantziko ordezkariak izan ziren bizkorrenak. Harrijasotzen Xabier Ariztegi aritu zen eta 38 segundu eta 5 zentesima behar izan zituen 50 kiloko harriari hamar jasoaldi emateko; txingekin Oskar Telletxea aritu zen eta minutu bat, 3 segundu eta 9 zentesima behar izan zituen sei plaza egiteko eta ingudean Xabi Sein aritu zen eta 53 segundu eta 73 zentesimatan egin zituen 60 jasoaldiak. Bigarren posturako lehia estua izan zuten Garraldak eta Basaburuakoak eta azkenean segundu bateko aldeaz nagusitu zen Garralda, 3 minutu, 5 segundu eta 11 zentesimako denborarekin. Basaburuak 3 minutu, 6 segundu eta 76 zentesima behar izan zituen. Basaburuarekin Anizko Asier Maritorena aritu zen harri altxatzen, Zigako Martin Zenoz txinga eramaten eta Ultzamako Martin Pikabea ingudearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun