Baztango Nafarroa Baiko udal taldeak Santiago Aldako alkate ordearen gain UPNk egindako salaketak ezetsi ditu oso-osorik, zekenak eta gezurrezkoak direlakoan. Zehazki, Aldakok Iruñera egiten dituen bidaien dieten bidez dirua “xahutzen duela” eta “gainsoldata” eskuratzen duela salatu zuen UPNk. NABAIk dioenez, Aldakok Iruñera egiten dituen bidai guziak bere udal lanarengatik egiten ditu, baina UPNko zinegotziek, “eta El Pali ezizenez ezaguna denak, batez ere, ez dute kolperik jotzen, bakar-bakarrik NaBaiko zinegotzien gastu-oharrak fotokopiatu eta gero etxez etxe banatu”. Hori legala ote den galdetzen du NABAIk.
Hainbat erakunde larunbatetan biltzen dira
UPNk esplikazioak eskatzen ditu “Iruñean larunbatetan egindako gestioengatik” eta Nafarroa Bairen ustez, horrek zenbait erakunderen funtzionamendua ez dutela ezagutzen adaierazten du, “Cederna-garalur, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak eta bertze zenbait egun horretan biltzen baitira”. UPNko zinegotziek, NABAIren ustez, denbora honelako ekintza zekenak egiten galdu beharrean, zera eskatu beharko liokete bere kideei: “Nafarroako Gobernua, bere sokakoak ez dien udalen kontrako arma edo tresna bezala ez eerabiltzea”.
“Gezurrak eta faltsokeriak”
Talde erregionalistaren jarrera salatu du Nafarroa Baik, “gezurrean eta faltsokerian oinarritzen delako, bere boletin nazkagarria erabiliz”. Baztango Ogasunean halako kezka badute, berriz ere zera eskatzen dio Nafarroa Baik UPNri: “publikoki argitzea non dauden Erratzuko mediku kontsultarako lortu zituzten 100.000 eta bertze 18.000 euroak, halaxe adierazi baitzuten beraien boletinean eta oraindik ez baitira sartu Baztango Udalean”.