Lekarozko ur beharrak asetzeko 640.000 euro erabiliko dira

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

Udaletxeko eta Gobernuko agintariak Arraiozera egindako bisitan, tartean herritarrak ere ageri dira. TTIPI TTAPA

Udalak 5,3 milioi euro gastatuko ditu azpiegitura lanetan

Ur hornidura arazoak saihesteko, presio haundiko hornidura sistema eginen da Lekarozentzat. 639.321 euro bideratuko dira horretarako eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak 440.911 euroko laguntza emanen du. Hala jakinarazi zuten uztailaren 4an Amelia Salanueva eta Begoña Sanzberro Toki Administrazioko eta Landa Garapen eta Ingurumen departamentuetako kontseilariek Baztanera egindako bisitan. Egun berean Arraiozko lanak ere inauguratu zituzten. Iazko uholdeen ondotik egin diren saneamendu eta zoladura lanak, Artixoko errekan egindako kanalizazioa eta zeharbideko lanak ikusi zituzten. Lekarozko presio haundiko hornidura sistema martxan paratzearekin batera, ura Iruritatik ekarriko dute, eta bertzeak bertze, 7.400 metro hodi jarriko dituzte. Lan horiek Presio Handiko Ur Horniduraren Plan Zuzentzailearen baitan, inguruko herri batzuentzat aurreikusia dagoen irtenbidearen barne daude. Irurita, Lekaroz, Ziga, Zigaurre, Arraioz, eta Gartzain Iruritako ur baliabideekin hornitzea aurreikusia dago Planean.

5,3 milioi euro azpiegitura lanetan

Inbertsio horri Udalak 2005-2008ko Toki Azpiegituren Planaren bidez egin dituen gastuak eta 2007ko maiatzeko uholdeen ondorioz egindako lanak gehituz gero, guztira 5,3 milioi eurokoa da inbertsioa. Toki Administrazioko Departamentuak 4,3 milioi euroko ekarpena eginen du. Halere, Arraiozko Artixoko errekan egin diren kanalizazio lanak finantzatzeari uko egin dio.

Arraiozen egin diren lanen artean aipagarrienak Mardea eta Urrutia auzoan egin diren lanak daude –sareak berritu eta zolatze lanak–. Mardea auzoko lanek 685.815 euroko gastua izan dute eta Gobernuaren laguntza 616.425 eurokoa izanen da; Urrutia auzoko lanek 633.825 euroko aurrekontua dute eta laguntza 618.042 eurokoa izanen da. 2,8 milioi euroko aurrekontua duten lanak Aniz, Erratzu, Elbete, Elizondo, Oronoz-Mugairi, Arizkun eta Almandozen ere egin dira, edo eginen dira. Gobernuak 1,8 euroko laguntza iragarri du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun