Bigarren urtez jarraian, Urdazubi-Baztango Done Jakue Bideko Lagunen Elkarteak eta Bertizko Partzuergo Turistikoak ateraldi gidatuak antolatu dituzte Done Jakue Bideak Baztan-Bidasoaldean egiten duen zatian barna. Zenbait ateraldi daude iragarriak, eta lehenak uztailaren 12an eta 19an izan ziren. Bertze bi ateraldi ere eginen dira: abuztuaren 9an eta 23an. Denak ere Amaiurko elizatik abiatuko dira, eta hiru orduko iraupena izanen dute. Amaiurtik hasi ondotik, Urrasun, Azpilkueta, Ordoki, Arizkun, Aintzialdeko galtzada, Arizkun eta Ursuan barna pasatutakoan berriz Amaiurrera itzuliko da. Bidean Elkarteak azken urteotan egin dituen moldaketa lanak ikusteko aukera izanen da, eta horien artean, aurten estreinakoz, Urrasungo Santiago ermita eraberritua. Eskualdeko historiari buruzko informazioa ere eskainiko da. Ateraldi hauetan parte hartzeko aitzinetik Bertizko Partzuergo Turistikoarekin harremanetan jarri behar da 948 592323 telefonora deituz edo bertiz@consorciobertiz.org helbidera idatziz. Bisitaren prezioa 2,5 eurokoa da, baina 14 urtetik beheitiko gaztetxoek dohainik izanen dute. Bertzalde, irailean, Done Jakue Bidearen Uztaritz-Urdazubi zatian ibilaldi bat ere eginen da, hau ere, aurten lehenbizikoz. Eguna hurbildu ahala, Partzuergo Turistikoak xehetasunen berri emanen duela adierazi du.