Xabier Landa argazkilari iruritarrak prestatutako “Escudo de Baztan: un plural muy singural” izenburuko erakusketa astearte arratsaldeko 19:00etan ireki zen Elizondoko Arizkunenean. Erakusketa honetan Baztan bailarako eskudo edo armarri berezienak biltzen dira. Tartean, kasik mila urte dituen Baztango armarria ere ageri da eta izan duen bilakaera aztertzen da. Izan ere, 970 eta 994 urteen artean Nafarroako errege izan zen Sancho Abarcak eman zien armarria, baztandarren Frantziako erresumaren kontrako gerran erakutsitako adorearengatik.
Heraldika aldetik aberatsa
Baztan, aunitzen ustez, heraldika aldetik Nafarroako herririk aberatsena da. Erakusketan, Baztango 150 harrizko armarrien argazkiak ageri dira. Erakusketa abuztuaren 31 bitarte zabalik izanen da Arizkunenean, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era. Bisitariek, erakusketan ageri diren datuak osatzeko aukera izanen dute. Ondotik, liburu bat ateratzeko asmoa du Xabier Landak, datuak antolatzen lagunduko dioten historialarien laguntzarekin.