Giro ederrean ospatu zen Baztandarren Biltzarrako 45. edizioa

Goizalde URDANPILLETA 2008ko uztailaren 21a

Zigako karrozak irabazi zuen, iaz bezala, karrozen lehiaketa. TTIPI TTAPA

Karlistadako pasarte bat irudikatzen zuen Zigako karroza izan zen garailea

Igandean, uztailaren 20an, Baztandarren Biltzarra besta ospatu zen Elizondon. Urteroko hitzordua da eta beti uztaileko hirugarren asteburu inguruan ospatzen da, behin San Ferminak pasa eta Santiago bestak baino lehen. Milaka euskazale batzen dira “eskuarak batzen gaitu” lelopean. Urte guziko lana agerian geratzen da egun bakar batean eta nahiz eta 15 lagunen bizkar gainean eraman pisu guztia, laguntzaile franko izaten dira eta beharrik, bestela ezinezkoa gertatuko litzateke. Bezperan, uztailaren 19an, dagoeneko festa giroa nabari zen eta arratsalde partean Incansables txarangak kaleak animatu zituen. Baina parranda maite dutenek aukera bikaina izan zuten eta Laiotz taldearekin gau-pasa izan zen. Herriak kanpotar ugariren bisita jaso zuen, baina hitzordua baztandarrentzat izaten da kuttuna. Batzuk erretiratu gabe zeuden bitartean, beste batzuk igandeko jai giroan murgiltzen hasten ziren. Goizean goiz artisauek bere txokoa bete zuten. Pedro Axular kalea moztuta zegoen larunbatetik eta Baztango, nahiz eskualdeko artisauek bere lana erakutsi zuten. Egurra, harria, haria, forja, ehoziriak…denetik izan ziren eta jendea, goizean goiz bertaratu zen. Baina egunak ezusteko gonbidatua izan zuen. Goizeko 10:30ak aldera euria hasi zuen eta horrek urduritasuna eragin zuen antolatzaile eta bisitarien artean. Artisauek ere beraien erakuts tokiak plastikoekin estali behar izan zituzten, materiala bustitzen hasi bai zen. Eguzkian pentsatu zuten gehienek bezperan egin zuen beroa kontuan hartuta, baina gutxik kontatzen zuten euriarekin. Hortaz, toldo eta bestelako gailuak jarri zituzten euriaz babesteko. Zenbait momentutan euri-langarrak euri erauntsi itxura hartu zuen eta urduritasunak paso eman zion kezkari. Artisau postuen artean talo egileak ikustea ez da harritzekoa, baina urtero hutsegiten ez duten Zubietarren aldamenean Elizondoko Beartzun auzokoak zeuden.
Goizeko 11:30ak pasatxo ziren desfilea hasi orduko eta antolakuntza nahiko kezkatua zegoen 19 orga bai ziren eta ezin zen gehiegi luzatu. Desfilea zabaltzen Iturengo joaldunak, izpiritu txarrak uxatuz eta kasu honetan, euria aldenduz.

Arriarte elkartekoak, orga desfilearen buruan

Ondotik, Baztango txistulariak zihoazen orga apainduei paso emanez. Urtero ikurrak eramaten Baztango elkarte edo erakunde bateko kideak joaten dira eta aurten Arriarte elkartekoak izan dira. Arriarte elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Elkarte gastronomikoa bezala sortu zen. Iruñean urte batzuk lehenago Napardi Elkartea egin zen, eta hango estatutuak hartu zituzten eredu bezala hemen, lehenbiziko elkartea egiteko. Baztandarren Biltzarra egin zen lehenbiziko urtean, besta honen izena daraman elkartea osatua ez zegoenez, Arriarte Elkartearen egoitzan juntatzen ziren, orduko gazteak, bestari forma emateko eta antolatzeko. Garai haietan, besta egiteko gobernadoreari baimena eskatu behar zitzaion. Horretarako Arriarteko orduko lehendakariaren izenean eskatu zen, Juan Mari Ballarena “Txoporro” zenaren izenean. Hauen gibeletik Lesakako ezpatadantzariek bere saiotxoa eskaini zuten.

Ondotik, Almandoz. Belateko aduana izena hartu zuen aurtengo orgak. Duela urte aunitz ez arte, Belate gainean, guardien aduana bat zegoen. Honekin inguruko mendien barna zegoen kontrabandoa pixka bat kontrolatu nahi izaten zuten. Hala ere, guardiek berek ziren interes gehien zutenak aduana hontan: kotxe barnak sobera ez beiratzeagatik edo ikusitakoa ez kentzeagatik diru pixkat hartzen zuten sakelera. Ardoa, oiloa, kafia…ziren aduanan prezio garestienak zituzten produktuetako batzuk. Baino ez ziren gauza guztiak erakusten: andreen faldapia, haurren kapazua…edozein toki ona zen gauzak altxapian gateko, diru guttiago pagatu behar izateko. Antzerki polita egin zuten almandoztarrek eta aduana horretako gora beherak ikus ahal izan genituen. Hauen gibeletik Baztango trikitilari eskolakoak.

Gartzainek segida ematen zion desfileari. Aurten gartzaindarrek aspaldiko ohitura zahar bat irudikatu nahi izan zuten. Lehengo denboretan, etxe bat erretzen zelaik, nonbait, herriko etxe guziek arbol bat eman behar izaten zioten zoritxarra gertatu zitzaionari. Organ, arbola mozten zenetik zerrategian moztu arteko prozesua irudikatu nahi izan zuten. Hasteko, urke motzan gainean jartzen zen moztutako arbola eta idi pariak lagunduta. Ohianetik zerreriraino eramaten zen errestan. Behin zerrerira ailegatuta, bi lagunen artean, bat gainean eta bertzea azpian jarrita zerrarekin mozten zuten. Normalean, barrideen laguntzarekin, hau da garratuen egiten ziren lan guzi hauek. Gartzaindarren orgaren gibeletik Gasteizko Algara Dantza taldea aritu zen.

Berroetako orgak lehendabiziko ikastola izenburupeko karroza irudikatu zuen. Berroetako lehenbiziko ikastolaren sorrera gerra aitzinean izan zen, 1935. urtean hain xuxen. Ikastaroa hasi eta berehala ikastolak baimenik ez zuela eta legez kanpo zegoela, Gobernuak itxi arazi zuen. Bitartean haur guziak barreiatu ziren eta batzuk Miserikordiako eskolara eta bertze zenbaitzuk eskola nazionaletara. Baina otsailean “Frente popular” ezker taldeak irabazi zituen hauteskundeak. Baimena eskatu gobernu berriari eta berriro ikastola ireki. Berriz ere haurrak bertze eskoletatik atera eta ikastolara andereño berarekin. Zoritxarrez Espainiako gerra zibila lehertu zen eta ikastolak sekulako zigorra hartu zuen. Rekete karlisten soldaduak, Arrizibita tenientea buru zutela, ikastolako atea bortxatu, barrenera sartu eta han aurkitu zituzten liburu guztiak leihotik bota eta erre zituzten, mahaia eta aulkiak eskola nazionaletara banatu, eta maistra preso hartu. Gero atal-buruan tinta horiarekin “Cuartel de pelayos” idatzi zuten. Holaxe suntsitu zen lehenbiziko ikastola.

Azpilkuetarrek “ogi itea” erakutsi zuten. Ez aspaldi, Azpilkuetan, ogia ez zen orain bezala etxera egina ailegatzen, etxe bakoitzak bere ogia egitea bertzerik ez zuen. Horretarako, sasoi hauetan, nekazaria bere landara joaten zen eta igitiarekin garia mozten zuen. Ondotik, multzoka jarri eta aienakin lotzen zuen, honi fala erraten zitzaion. Etxean, maxo hauek hartu eta losa bati zanpaka garie egozten zen. Hortik ateratako pikorra bere agotzarekin haizetzeko tresnan sartu eta pikorra azaletik bereixten zen. Pikorra errotan xehatu eta irina prest zegoen ogia egiteko. Irin horrekin masa egin eta ogi-labian sartu ondotik egun batzuetako ogia egiten zen. Igorreko Arantzarte dantza taldeak segida ematen zion eta Kaxarranka dantza ikusgarria egin zuten udaletxe parean.

Amaiurtarrek kisuko iturriko zikiroak gogora ekarri nahi izan zituzten. Garai batean, duela urte parrasta, udako beroak ailegatzen zirenean Amaiurko herritarrek beren denbora librea lagunartean goxoki eta freskotasunean pasatzeko lekuak bilatzen zituzten. Horietako bat, Kisuko iturria da. Santiago bideko bazterrean topatzen dugun xoko honetan, zuhaitzen gerizpean, ur frexko ugari botatzen duen iturri eder bat aurkitzen dugu. Honen ondoan Errotarri baten bidez egindako mahai borobil bat dago, garai batean bertan egiten ziren otorduen lekuko. Orgaren bidez leku polit honetan ospatzen ziren zikiroak gogora ekarri nahi izan zituzten, otordu honetako kantu eta dantzen bidez sortutako giro onarekin gaur egun sasiez hartuta dagoen xoko xarmant hau berpiztuz.

Aniztarrek 1835 urtean kokatu zuten beraien orga. Lehendabiziko Karlistadako batailarik inportanteena Baztanen izan zen 1835ean. Elizondon borrokaldi luzea izan ondotik, Espoz y Mina liberalen burua arrontean haserre atera zen bertatik, borroka ez zelako berak nahi bezala izan. Iruñerako bidean Lekarozko herria erretzeaz gain, Baztango zenbait etxe eta borda erre zituen, tartean Anizen dagoen Lazteiturri izeneko borda. Otsagabiako Dantzanteek bere dantza alaiak erakutsi zituzten ibilbide osoan.

Erratzuar kuadrila bat bildu zen orgaren inguruan eta 1940 urtean kokatu zuten beraien historia. Gerra pastu berrie zen eta bertze leku aunitzetan bezala, Erratzun ere Frankoren diktadura nabaritzen hasten da. Elizen erranak gogorrak dira eta jendia apezen beldur zen. Gizonki eta mazteki gazteak elkarrekin egon nahi eta ezin! Hau komeria! Horretarako, ixilpeka, igandero soroetan biltzen ziren, soltian…eta tarteka dantza lotuan aritzeko. Lehenbizi hartan zulubite eta aho soinuekin, geroago, apezak sermonetan erraten zuen bezala, infernuko auspua edo esku soinuekin. Aldika, edaria tarte, xulufrina berdina bi mutilek pretenditzen zutenean haserreak sortzen ziren. Bertze aldietan iratze meta gibeleko aldian ere zapatak agertzen ziren. Ilun ezkilek jo ordurako denek etxera eta ondoko igande arte. Herriko apezak afera hauek aditzean karabineroak bidaltzen zituen pekatariei bide xuxena erakusteko intentzioz. Beraz Untxide auzoko Untximendi soroa ageri zen orga apainduan.

Zigeko orga urrunetik sumatzen zen. Harrigarria da, baina Aniz eta Zigako orgek gai bera irudikatu zuten, baina bakoitzak bere kutsua eman nahi izan zion. 1835. urtean Elizondoko Arizkunenea liberalek hartu zuten, karlistak hortik kanporatuz. Baino karlistak ez ziren aunitz urrundu, Elizondo inguruko herrietan gelditu ziren; erran behar da herri hauetan karlisten aldekoak zirela garrantzitsuenak eta herri ttiki hauetan, Ziga eta Lekaroz bezalakoetan, izan zirela garaiko gertakari latzenetakoak: fusilatu eta inguru erretzeak bertzeak bertze. Liberalek beren burua karlisten aldekoez inguratuta ikusita Iruñera jo zuten Espoz y Mina jeneralari laguntza eske, gudari gehiago igortzeko eskatuz eta lortutako garaipenak defendatzeko. Mina bera buru zela, armada handi batekin abiatu zen Baztan aldera. Horrela Baztango parajeetan sartzen ari zela pasatu zen Larremiarreko borroka ikaragarria, arras ezaguna izan dena bere bortizkeriagatik. Baina jeneralak bere tropekin aitzin segitzea lortu eta Zigaraino ailegatu zen. Hemen Mina jenerala bere guardiekin zela, bertako herritarrak mehatxatuz sartu zen herrira. Kainoirik altxatuak ote zituzten galdetu zuen eta hala bazen, ateratzeko. Ateratzen ez bazituzten fusilatuak izanen zirela mehatxu egin zuen. Baina herritarrek ez zuten onartu kainoi horiek bazirenik eta fuerte egin zion kontra tropa arrotzei. Hortaz, bat baino gehiago fusilatua izan zen eta inguru aunitz hondatuak izan ziren. Inoiz ez da jakin kainoi horiek existitu ote ziren, baina denboran zehar pentsatu izan da, kainoi horiek Zigako xokoren bateko kisulabeetan altxatuak izan zirela. Urdiñarbeko dantzariek jarraitzen zuten desfilean Zigako orgaren gibeletik.

Oronoztarrek aurten ere orga ederra erakutsi zuten. Lehen, gure herrietan ez ziren okindegirik izaten. Hori dela eta, familia aunitzek beren soroetan ekoiztutako gariaren irinarekin ogia egin behar izaten zuten. Ogia ez zen egunero egiten, behar zenean baizik. Aipatzekoa da etxe guziek ez zutela ogia egiteko baliabiderik. Ondorioz, bizilagun aunitzek ondoko baserrietara joan behar izaten zuten ogia erostera edo bertzela, ogia bertze produktu batzuekin trukatzen zuten.

Arraioztarrek eskola irudikatu zuten. Frankismo garaia akitu zenetik ia 33 urte pastu dira, baina oraindik ere, sasoi hartako errestoak non-nahi dira. Zer erran euskaran izandako eragina. Eskoletan haurrek euskararen kontrako jarreran hezi zituzten urte aunitzez, maistru kanpotarrek kultura arrotza erakutsiz eta euskaraz mintzatzea debekatuz. Horrek guziak euskararen transmisioan sekulako geldialdia ekarri zuen eta ondorioak egun, oraindik bizi ditugu. Iruñeko gaitariek alaitu zuten orga hau.

Segidan Arizkungo orga apaindua agertu zen Elizondoko karriketan. Baztanen den plaza borobil bakarra Arizkunen dago. Haurrak zirenean jostetan, gazteak zirenean, bilgune tokia, herriko bestetan dantzagunerik politena, beren xaharrentzako herri guztia kontrolatzeko leku estrategikoa… Arizkungo txistulari eta dantzariek modu alai batean erakutsi zuten plaza honen erabilgarritasuna.

Eta segidan, Iruritako orga heldu zen. Iruritako igeltsutegia, “iheseria” izenarekin ezagunagoa, duela 100 urte inguru martxan hasi zen. Lehendabiziko jabea frantziar bat izan bazen ere, gerora Iturria familiak hartu zuen eta duela 45 urte itxi zen. San Markos meategitik ateratzen zituzten mineralak dinamitarekin lehertaraziz, gehienbat igeltsua eta pirita pixka bat lortzeko. Igeltsu harriak labean sartzen ziren hauek ongi idortu eta gero xehatu ahal izateko. Azkenik, zakuetan sartu eta pisatu ondotik, inguruko nahiz Iruña aldeko etxegileei saltzen zitzaien igeltsua. Behin, Alemaniar teknikari bat etorri zen meategiaren planoak egiteko eta prozesua bideratzeko. Baztango Migel Iparragirreren akordeoi taldeak ere, urtero moduan parte hartu zen desfilean.

Hauen ondotik, herri ekimenaren orga zihoan. Gaur egun, sorgin ehiza entzuten dugunean XV. Mendea, inkisizioa edota herejeak etortzen zaizkigu burura, beti ere, iragan beltzeko zerbait balitz moduan. Aurten, herri ekimenaren organ XV. Mendeko sorgin ehiza eta egun Euskal Herrian bizi dugun salbuespen egoera parekatu nahi izan zuten, izan ere, bortz mende pasa arren aunitz dira bi egoera hauek dituzten antzekotasunak. Euskal Herritarrak atxilotu eta gero espetxeratu egiten dituzte frogarik gabe. Orduan gertatu zen bezala, herritarrak sorgin-terroristak izaten ahal dira jakin gabe, orduan bezala, tortura sistematikoki erabiltzen da autoinkulpazioak eta proba faltsuak lortzeko, eta orduan bezala, denak gara sorgin-terroristak kontrakoa demostratu arte. Fray Tomas eta Torquemada-Garzonek eta Espainiako inkisizioa-auzitegi nazionalak, bertako alderdi eta instituzio batzuen kolaborazioarekin, beldurra eta izua zabaltzen dituzte Euskal Herrian, gazteria zigortzen eta kriminalizatzen, elkartasuna kolpatzen, salaketak isilarazten, herritarrak eskubiderik eta errepresentaziorik gabe uzten, komunikabideak ixten, alderdi eta antolakunde politikoak ilegalizatzen…herritar abertzale, ezkertiar eta independentistak sorgin eta hereje bihurtzen.

Eta hauen gibeletik Lekarozko orga atera zen. Marcos Baraibar Iturralde, Lekarozko Iñarango semea da. Eskolako adinan hasi zen, artia paratu eta arto landan harrapatu zuen azkenarroa lehenengo aldiz orakunde egunean, haurra zenean. Inork ez zion erakutsi, berak bere kabuz ikasi zuen. Artika eta lazoak erabiltzen zituen. Basa piztiak errestotik harrapatzen zituen, bertze batzuetan arbola gainetik tiroz. Azkenarroa, azeria, fuina, jineta, nutria, katubasa, erbiunidea, pututxe…bazuen zer harrapatu. Harrapatu ondoren udaletxera eramaten zituen et ondoren, ehiza eta arrantza elkartera, non ordaintzen zioten. Larrutu eta larruak Iruñera eramaten zituen. Azkenarroaren larruaren grasa, poliki-poliki kendu eta zartainan urtu ondoren, ontzietan sartu eta andreek erosten omen zioten, hezurretako minaren kontra arras ona zelakoan. Aunitzetan baserrietatik deitzen zioten, azeriek oiloak eramaten zituztela eta…Lekaroztarrek bere omenaldi beroena eskaini nahi izan zioten Marcos Baraibarreri eta bazkal ondokoan ere aipamen berezia egin zen. Ortzadar fanfareak segitu zuen ibilbidea Lekarozko orgaren gibeletik eta azkenean, Elizondotik ateratakoak plazaratu ziren.

Lehenik, Elizondoko Aise taldeak egun ttun-ttun irudikatu zuen. Haur denboretan ospatzen zituzten bestak ekarri zituzten gogora eta besta politena orakunde izaten zen. Baztango herri guztietan egun hau ospatu izan da urtetik urtera, nahiz eta herri bakoitzak bere berezitasunak eduki. Lehenengo tenorian meza aditu beharra zen eta handik herritik barna eskean aritzen ziren txistulariak, maisua, apeza eta lagun guztiak hasierako lehen orduak alaituz. Biltzen zen janarekin bazkari ederra prestatzen zen, hori bai, apezak, alkateak eta maisu jaunak eta tripa handiagoa zutenek menu berezia izaten zuten. Bazkaldu eta gero denak jolasetarako prest izaten ziren. Jolas ederrak eta guzietan maiteena oilarra harrapatzea. Denak aritzen ziren begi estaliekin eta ezpata politekin oilarra harrapatu nahiean. Azken finean egun hartan kontent gaten zirenak oilarra etxera eraman eta zinta sartu eta gero neskari muxu ematen zionak ziren. Baztango gaitariek ere parte hartu zuten orga honen gibeleko aldean.

Elizondoko Belatzak taldeak lehenagoko garaietako familia baten bizitza islatu nahi izan zuten. Gaur egun ditugun komodidadeetatik urrun, etxeko-andreak iturri edo erreka batera gaten ziren ur bila. Gero ur hau bildu eta etxera eramaten zuten, gauza aunitzetarako erabiliz: edateko, arropa garbitzeko, bazkaria prestatzeko, bainatzeko… Urtero moduan barride eta anai diren Baigorriko dantzariek ere ibilbidea alaitu zuten barien dantzekin.

Elizondoko Zurrutak taldeak azken aurreko postua zuen orga apainduen desfilean. Ikaztegiak egiteko zura bi bide nagusietatik lortzen zen: udalak zozketaz urtero banatzen zituen loteetatik eta horretarako baliagarriak ez ziren hondarretatik. Ikatza egiteko aukeratzen ziren hilabeteak hotzenak ziren, bai ikatzaren erretzea egokiagoa zelako, bai neguan ez zelako nekazaritza edo abeltzaintza bezalako bertze motatako jarduerarik burutzen. Hori horrela zen nahiz eta eguraldiak gehiago zailtzen zuen beraien berez gogorra zen jarduera bat. Bertze aldetik lanak egiteko bortz lagun elkartzen ziren, horrela lana nahiko agudo akitzen zuten eta normalean ez ziren mendian 3 hilabete baino gehiago egoten. Mendira ailegatu eta ikaztegia egiteko tokia aukeratu ondoren kuadrilek adarrez eta lurrez egindako etxola antzeko bat egiten zuten, hotzaz eta euriaz estaltzeko eta elikagaiak eta lan tresnak babesteko balio zitzaiena.

Eta desfileko azken orga Elizondoko Falfarak taldearena izan zen. Gaur egun, edozein ostatutan aurkitzen ahal da Coronita mexikar garagardoa oso ezaguna da gurean, baina inork gutxi badaki hain ospetsua den garagardo marka horren sorreraren atzean baztandar bat dagoela. Izan ere, Braulio Iriarte elizondarrak sortu zuen Coronita Mexicon 1925ean. Elizondoko Falfarak lagun taldearen aurtengo orga 1920ko hamarkadako “Cerveceria Modelo” lantegiaren irudikapen xumea da, garagardoa lantegian egiten eta botiletan sartzen den unetik hasita, eta berau “cantinan” edaten den arteko ibilbidea islatuz. Era berean, Braulio Iriartek utzitako ondarea gogoratu nahi izan zuten.

Mutildantza eta bazkaria

Behin orgak akaututa, eguerdiko 14ak aldera mutil dantza saio ederra izan zen Foruen enparantzan eta borobil ederra osatu zen, kanpotarren ikusmina piztuz. Bazkaria ohi bezala, Merkatu Zelain egin zen eta aurten ere 1.600 lagunek parte hartu zuten. Bazkal ondoko saio atsegina izan zen igandekoa. Lehenik eta behin ia klasiko bilakatu diren Jon Elizetxe eta Xabier Ospitalek bertso musikatuak egin zituzten. Ondotik, Lurdes Kuesta eta Mikel Ripodadek Enara Mitxeltorena akordeoian lagun zutela, jota bat kantatu zuten, baina hori bai, euskaraz. Segidan, Jon Barberenak komunikatua irakurri zuen eta segidan taula gainera igo zen Elisa Perotxena elizondarra Iñaki Gerendianekin batera. Bikote ederra osatzen dute eta beraien ahots zoragarriekin jendea liluratuta utzi zuten. Behin hauek adituta, tonbolako saria banatzeko ordua iritsi zen. 3 zenbaki atera ziren, baina beti ere, lehenak du lehentasuna. Lehenengo zenbakia 6.116 izan zen. 15 eguneko epea jarri dute sariduna atera ahal izateko. Bigarrena, 8.398a, 7 eguneko epea zehaztu dute honetarako eta hau ere aterako ez balitz, 4.933, honetarako ere 7 eguneko muga jarriz.

Zigako karroza garaile

Zozketaren ondotik orga apainduen sari banaketari ekin zitzaion. Aurten txapeldun Ziga suertatu da 131 punturekin. Mikel Iriarteren oroigarria, diploma eta 500 euro jaso zituzten. Bigarren Azpilkueta geratu zen, diploma eta 350 jasoz. Hauek saria jaso zutenean bertso bat eskaini zuten. Eta hirugarrena Beti Zurrutak taldea izan zen, diploma eta 200 euro eskuratuz.
Gauza serioak alde batera utzita, dantzarako tartea izan zen eta Baztango xirubitariek horretarako tartea eskaini zuten, larrain dantza ikusgarri eta jendetsu batekin bukatzeko. Bazkal ondoko saioari bukaera emateko erromeria izan zen Trikidantz taldearekin eta jendeak ederki pasa zuen. Besta giroa arratsaldeko 20ak aldera Foruen enparantzara leku aldatu zen, bertan dantzaldia izan bai zen Laiotz taldearekin eta sekulako giroa izan zen bai plazan eta bai herri osoan ere. Beraz, erraten ahal dugu Baztandarren Biltzarraren azken edizio hau guztiz arrakastatsua izan dela eta zorionak eman behar zaizkio antolakuntzari egin duen lanarengatik. Beraz, 2009koan pentsatzen hasi behar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun