Josu Inziarte oronoztarraren argazkiak ikusgai daude Arizkunenean

Goizalde URDANPILLETA 2008ko uztailaren 16a

Josu Inziarte, Arizkunenean, bere argazki baten aitzinean. TTIPI TTAPA

Larunbata, uztailaren 19a arte

Elizondoko Arizkunenea kultur etxean Josu Inziarteren argazki erakusketa ikusgai dago. Uztailaren 5ean ateak zabaldu zituen eta ordutik ikusle franko pasatu dira bertatik. Oraindik ere larunbata bitarte arratsaldeko 19etatik 21etara bisitatzeko aukera bada.

Soldaduskan hasitako afizioa

Badira zenbait urte Josuk lehen argazkia atera zuenetik, zehazki, soldaduska egiten ari zela. Ikastaro bat egin zuen eta lehen pausuak eman zituen. Kamara errusiar bat erosi eta laborategian paperera nola pasatzen zen ikasi zuen. Orain bizpahiru urte Baztango udalera jo zuen, erakusketa jarri nahi zuela erranez. 2008an tarte bat izanen zuela erran zioten eta ordutik buru belarri ekin dio bere afizioari.

Ordu aunitzetako lana

Argazki bakoitzak aunitz ordu ditu bere gibelean eta atera baino lehen xokoa behin baino gehiagotan bisitatu izan du. Ondotik, ordenagailuko lana dago eta hau ere ez da makala. Argazki kamera digitalek aukera polita eskaintzen dute eta nahiz eta hasiera batean sartzea kosta, gustura ari da.

Eskualdeko paisaiak

Gure eskualdeko paisaiak gustuko ditu eta hori bere argazkietan islatzen da, Doneztebe, Elizondo, Berroeta, San Juan Xar… Oso perfekzionista da eta lana oso landua duela erran daiteke. Lan mardula izan denez, orain gauzak lasaiago hartu ditu, baina hala ere bere zaletasunarekin jarraitzeko asmoa du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun