Herri ttikietako xarma ezagutzera emateko bisita gidatuak eskaintzen dituzte Aniz eta Zigan

Goizalde URDANPILLETA 2008ko uztailaren 16a

Zigako Etxezurian merendu afariak eskaintzen dituzte ortzegun arratsaldetan. TTIPI TTAPA

Baztango herri ttikien xarma ezagutzera emateko uztailaren 15etik abuztuaren 28ra bisita gidatuak eskaintzen dituzte Aniz eta Zigan. Asteartetan, uztailaren 15ean hasi eta abuztuaren 26a bitarte, Anizko Jauregiako behitegia eta gasnategia ikusi eta Zigako Ostatu Zaharrean bertako bazkari batez gozatzeko aukera ematen dute. Horretarako, aitzinetik hitzordua eskatu behar da 600 024137 telefonoan eta 11etan gelditzen dira Anizen. Bixita eta bazkariaren prezioa 17 eurokoa da.

Asteazkenetan herriak ezagutu

Asteazkenetan, uztailaren 23tik hasi eta abuztuaren 27ra bitarte, nekazaritzara emandako bi herri ttiki hauen historian barneratzeko aukera emanen diete bisitariei, herritarrak lagun dituztela. Hemen ere aitzinetik eskatu egin behar da 656 759597 telefonoan eta 3 uro ordaindu. Arratsaldeko 5etan hasiko dira bisitaldiak Zigako plazan.

Ortzegunetan merendu afaria Zigako Etxezurian

Ortzegunetan, uztailaren 24tik abuztuaren 28ra, Zigako Etxezurian bertako produktu ekologikoak dastatuz merendu afaria bat egiteko aukera dute bisitariek, 10 euroren truke. Ortzegun arratsalderako 6:30etik 8etara emanen dute horretarako aukera eta enkargatzeko 948 452078 telefonora deitu behar dute.

Amaiurren ere bisita gidatuak

Basaburuako hauek ez dira eskualdean eskaintzen diren bisita gidatu bakarrak. Baztanetik mugitu gabe, Amaiurko herria, etxeak, gaztelua, eliza eta errota, herritarren laguntzarekin ikusteko aukera eskaintzen dute. Helduek 4 euro ordaindu behar dute eta 12 urte bete ez dituzten haurrek doan izanen dute bisita. Ordutegiak zehazteko, informatzeko eta erreserba egiteko 948 453490 telefonora deitu behar da.

Donamariako Jauregia larunbat eta besta egunetan

Donamariako Jauregiko bisita gidatuak berriz, larunbatetan eguerdiko 12etan eta arratsaldeko 5etan eta besta egunetan eguerdiko 12etan eskaintzen dira. Helduek 2 euro ordaindu behar dute eta haurrek doan. Informazioa jaso eta erreserbak egiteko 699 212226 edo 948 592323 telefonoetara deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun