Elizondoko plazaren egoera kaxkarra moldatzeko asmoa agertu du Baztango NABAIk

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 16a

2010eko udarako konpondua egotea espero du

Elizondoko plazaren egoera kaxkarrari aterabidea eman nahi diola jakinarazi du Baztango Nafarroa Baiko udal taldeak, prentsa-ohar baten bidez. Datozen asteetan, Baztango egutegian garrantzitsuenetakoak diren bi hitzordu hartuko ditu plaza horrek, baztandarren Biltzarra eta Elizondoko Santioak. Horrek bultzatuta egin du hausnarketa Baztango NABAIk. “Aitzineko denboretan Gurutze aldeko Plaza izenaz ezagutzen zen plaza, Foruen Plaza gaur egun, egoera onenean ez dagoela agerian dago” diote idatzian.

Historikoki ederra

Historikoki plaza zer izan zen ere ongi gogoan dute: “Gaur gisa Udaletxea Plazaren buru, haren oinetan Errebote Plazaren pilota paretaren gainean Burgesenea eraikia, Ardandegia (Kortea etxea) sendoa, parean Paularena, 1913ko uholde izugarriaren ondoko urtetan lekuz aldatu zen eliza-parrokiaren egote atsegina, Arizkunenea, ondoko Kasinoa bere zuhaiztiarekin. Denbora hartan eliza lekuz aldatzeak inguruaren eraldaketa ekarri zuen, eta hori gutxi balitz joan den mendeko laurogeiko hamarkadan Ardandegia bota zuten”.

Begibistako hondatzea

Ondorioz, azken urteetan Ardandegiaren lekua hartzen duen lurra zolaberritu bada ere plaza bera hondatuz joan dela begibistakoa da Nafarroa Bai udal taldearen ustez: “hiri-altzari egokiak ez daude, harlauzak behar ez bezalako egoeran. Elizondok eta Baztanek Plaza berritzea eskatzen dute”. Gainera, noizbehinka aisialdirako erabiltzen den eremua bada ere, “plazaren ondoan autoen aparkalekua izatera jartzen ari gara”.

Eraberritze lanari ekin behar

Egoera honetaz jabeturik eta Baztanen premiazko saneamendu eta sare-berritze lanak akitzear dauden tenore honetan, Udal-gobernu taldetik Elizondoko Plaza eraberritzeko lanari aurre hartu behar diotela argi daukate: “Horretan gaude. Nafarroako Gobernuaren aitzinean dagoeneko gestioak egin ditugu. 2008 honetan prestatzen ari diren tokiko azpiegituren lau urteko planak egitasmo hau finantzatu beharko luke, bertan ezartzen diren determinazio libreko diru-partidekin proiektua erabat ordaintzera lagunduz, behintzat horrela jakinarazi digute. Hau guztia 2009ko bukaerarako edo 2010eko hasierarako”.

NABAIren erronka

Hauxe omen da NABAIko udal taldearen erronka, 2010eko udako bestak Plaza berritu batean ospatzea, “bere onera etorritako Plaza ederrean, gaurko eta gerorako baliagarria. Horretarako lanean gaude eta lanean segituko dugu”. Bide hori jorratuz elkarlanerako deia eginez akitzen du idatzia Nafarroa Baiko udal taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun