Igandean, uztailaren 20an, Baztandarren Biltzarra ospatuko da Elizondon. Besta baino zerbait gehiago dela garbi dute komisio ezberdinetan banatuak dauden Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek.
Larunbatean ere ekitaldiak
Urte guziko lanaren emaitza izanen da aurtengo Baztandarren Biltzarra eta dena prest dute horretarako. Bezperan, uztailaren 19an, Incansables txarangak kale giroa berotuko du eta ondotik, gaueko 00:30ean dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin.
Artisauak eta orgen desfilea goizean
Gau luzea izanen da, ziur, baina Baztandarren Biltzarra eguna, berez igandea denez, aunitz ordu geldituko dira aitzinetik. Goizeko 10etan artisauen erakusketa zabalduko dute eta hemen baldintza bakarra bete behar dute artisauek, alegia, lanean aritzea bertan. Oso arrakastatsua izaten da eta jende mordoa hurbiltzen da bertara. Goizeko 11:30ean orga apainduen desfilea aterako da eta hauekin batera honako hauek aterako dira: Iturengo joaldunak, Baztango txistulariak, Baztango dantzariak, Iparragirreren akordeoi taldea, Baztango gaitariak, Arizkungo txistulariak, Lesakako dantzariak, Otsagabiako dantzariak, Gasteizko Algara dantza taldea, Igorreko dantza taldea, Baigorriko dantzariak, Urdiñarbeko dantzariak, Incansables txaranga, Iruñeko Ortzadar fanfarrea, Iruñeko gaitariak eta Baztango trikitixa eskola. Behin desfilea akituta, mutil dantza saioa izanen da Foruen plazan.
Bazkaria eta bazkalondoa
14:30ean herri bazkaria izanen da Merkatuzelain: piperrada, patata tortilla, haratxeki gisatua, euskal pastela, izozkia, kafea eta kopa. 1.600 lagun inguru bilduko dira bazkarian eta bazkalondorako ere menu ederra prestatu dute. Lehenik Baztandarren Biltzarreko komunikatua irakurriko da eta ondotik, bertsolariak, txistulariak, herri abestiak Elisa Perotxena eta Iñaki Gerendiainekin, jotak Lurdes Cuesta eta Mikel Ripodasekin, muxikoak, mutil dantzak, larrain dantza eta bukatzeko, Trikidantz taldearekin erromeria izanen dira. Arratsaldeko 20etan Foruen enparantzan dantzaldia Laiotz taldearekin eta besta giro ederrean akautuko da 2008ko Baztandarren Biltzarra. Eguraldi ona ia ziurtatua dute eta jendea gustura hartuko dute. Hitzordu polita izanen dugu guztiok igandean Elizondon “Eskuarak batzen gaitu” lelopean.