Bigarren urtez jarraian, Urdazubi-Baztango Done Jakue Bideko Lagunen Elkarteak eta Bertizko Partzuergo Turistikoak ateraldi gidatuak antolatu dituzte Done Jakue Bideak Baztan-Bidasoaldean egiten duen zatian barna. Ateraldi bat baino gehiago eginen dira, eta horietako bat bihar, uztailak 12, izanen da.
Joan den urteko arrakasta ikusita ekimena errepikatzea erabaki dute aurten antolatzaileek. Aurtengoan lau ateraldi eginen dira, bi uztailean eta bertze bi abuztuan. Lehenbiziko hitzordua izanen da larunbat honetakoa, eta 10:00etan abiatuko da Amaiurtik. Ibilaldiak hiru orduko iraupena izanen du, eta Amaiurtik hasi ondotik, Urrasun, Azpilkueta, Ordoki, Arizkun, Aintzialdeko galtzada, Arizkun eta Ursuan barna pasatu ondotik berriz Amaiurrera itzuliko da.
Bidean Elkarteak azken urteotan egin dituen moldaketa lanak ikusteko aukera izanen da, eta horien artean, aurten estreinakoz, Urrasungo Santiago ermita eraberritua. Eskualdeko historiari buruzko informazioa ere eskainiko da.
Irailean bertze ateraldia
Bertzalde, irailean, Done Jakue Bidearen Uztaritz-Urdazubi zatian ibilaldi bat eginen da, hau ere, aurten lehenbizikoz. Eguna hurbildu ahala, Partzuergo Turistikoak xehetasunen berri emanen duela adierazi du.
Izen ematea gaur arratsaldean
Ateraldi hauetan parte hartzeko aitzinetik Bertizko Partzuergo Turistikoarekin harremanetan jarri behar da, 948 592323 telefonora deituz edo bertiz@consorciobertiz.org helbidera idatziz. Gaur, ortzirala, 18:00ak baino lehen eman beharko da izena.